Gaztea Dantzan lehiaketaren finalera ailegatu da Mendaroko talde bat

elgoibarren.net 2014ko aza. 5a, 12:43

Balleta ikasten diharduen Mendaroko neska gazte talde batek Michael Jacksonen Billie Jean abestiaren koreografia bat aurkeztu zuen Gaztea Dantzan lehiaketara, eta finalera iristea lortu dute. Epaimahaiak aukeratu dituen hogei koreografia onenen artean dago mendaroarrena, eta bozketa-fasea zabaldu dute orain, Entzulearen Saria jasoko duen taldea aukeratzeko. Azaroaren 12ra arte ema daiteke botoa Gaztea Dantzanen webgune berezian. (bideoa dauka)

 

 Gutxienez 30 segundoko koreografiak eskatzen zituzten Euskadi Gaztea irratiak antolatutako Gaztea Dantzan lehiaketan, eta 70 koreografiatik gora jaso ostean, hogei finalistak aukeratu ditu epaimahaiak. Finalisten artean dago Mendaroko neska talde batek aurkeztutako koreografia. Goiuri Urain, Enara Agirrezabala, Celia Rico, Leire Kerexeta, Marina Rico, Jara Larrañaga, Nerea Arriola, Irati Arrizabalaga eta Ruth Larrañaga mendaroarrek Michael Jacksonen Billie Jean abestiarentzako sortu duten koreografia aurkeztu zuten lehiaketara (beheko bideoan ikus dezakezue). 

 Entzulearen Saria erabakitzeko bozketa-fasea jarri dute abian lehiaketako antolatzaileek. Azaroaren 12ra arte ema daiteke bideo gustukoenaren aldeko botoa, Gaztea Dantzanen webgune berezian. Entzulearen Sariaren irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak, 500 euro, eta hirugarrenak, 300 euro. Bestalde, Epaimahaiaren Saria jasotzen duen taldeak 750 euro eramango ditu. Bozketa fasea amaitu ondoren, Euskadi Gaztea irratiko Dida saioan iragarriko dute sariak norentzat diren.