Auto bat erori da A 8 autobidetik Maltzagako bidegorrira

elgoibarren.net 2014ko aza. 7a, 15:19

Miraria gertatu da duela minutu gutxi batzuk Andikanotik Maltzaga arteko bidean. A 8 autobidetik Bilboranzko noranzkoan zihoan auto batek istripua izan du eta hamar bat metro beherago dagoen bidegorriraino erori da. Erorikoan ozta-ozta gainditu du trenaren tunelaren irteera, eta gutxigatik ez da jauzi Deba ibairaino. Ibilgailuan zihoazen bi lagunek zauri arinak besterik ez dituzte izan. Hori izan da miraria. (argazkiak eta bideoa dauzka)

Istripua izan duen autoa Maltzagarako bidegorrian. Goian ikus daitekeen A 8 autobidetik erori da.

A 8 autobidean Donostiatik Bilboranzko noranzkoan zihoazen bi autok istripua izan dute, eta bi autoetako bat errepidetik irten eta erori egin da autobidearen behean dagoen Maltzaga eta Elgoibar arteko bidegorrira. Argindar etxea dagoen parean erori da, trenaren tunela hasten den tokian, hain justu ere. Jauzia ikusgarria izan da, bidegorritik autobidera hamar bat metroko altuera baitago, gutxi gorabehera. Bidegorria eta trenbidea banatzen dituen hesiaren gainean lur hartu du autoak eta gero bidegorriko hesian kateatuta geratu da. Ez du asko behar izan Deba ibairaino jausteko ere. Auto barruan zeramatzaten zenbait objektu, esaterako, uretan ikus zitezkeen.

 Harrigarriena da auto barruan zihoazen bi lagunek zauri arinak besterik ez zituztela. Bertaratu den ertzainetako batek ere halaxe esan du: "Istripua non eta nola izan den esan digutenean hildakoak egon zitezkeela pentsatu dugu segituan, baina zorionez ez da hala izan. Berriz jaio dira gaur, izan dezakete gogoan egun hau". 

Argazkiak: