Sabin Osoro: 'Herriaren alde egin dut egin dudan guztia, eta pozik nago'

elgoibarren.net 2014ko aza. 7a, 19:13

Lanerako ez du sekula nagirik izan Sabin Osorok (Elgoibar, 1922). Gizarte eta enpresa alorreko hamaika ekimenei lotuta ageri da bere izena Elgoibarren, eta ekintzailetasun hori, lanerako agertu duen “izaera nekaezina eta adoretsua”, nabarmendu ditu Gure Balioak sariketako epaimahaiak. Eguaztenean jaso zuen saria, Mutrikun, iazko saridun Carmelo Urdangarinen eskutik. Zumaiako etxean hartu gaituzte Sabinek eta haren emazte Garbiñe Uriguenek, saria jaso bezperan.


Nola hartu duzu saria?
Poza hartu dut. Norberaz akordatzeak beti ematen du poza.

Zure izaera “nekaezina” eta “adoretsua” nabarmendu ditu epaimahaiak, eta zeure garairako aurreratua izan zarela esan du; “izaera bisionarioa” izan duzula alegia, eta burubelarri jardun duzula beti lanean, “protagonismoei izkin eginez”. Ez dira edozelako berbak.
Ez, gehiegitxo ere izango da hori. Beharbada izango nuen izaera bisionarioa ere, nik dakit ba, baina sekula ez dut pentsatu halakorik. Herriaren alde egin dut nik egin dudan guztia, eta pozik nago egindakoarekin.

Sabin Osoro, familiakoez inguratuta Gure Balioak sarikertako sari banaketan.

Lagunak ere ondoan izan zituen Sabinek Mutrikun egin zen sari banaketa ekitaldian.


Gizarte eta enpresa arloko ekimenei lotua egon da beti zure izena Elgoibarren. Zure lehenengo aipamenak Elizari lotuta agertu zaizkit.
30 urte nituela, 1952an, Luistarren presidente aukeratu ninduten [Elizako gazte gizonezkoen kongregazioa], eta gero, JOC Juventud Obrera Catolica (Gazte Langile Kristauak) taldeko presidente izendatu ninduten. Gizon eliztarra izan naiz ni. Elizaren bueltako taldea zen JOC ere, eta akordatzen naiz gaixoei laguntzeko kinielak-eta sortu genituela. Behin, salaketa bat ere jarri zuten gure kontra, legez kanpokoa zelako kiniela antolatzea, eta sarjentuak deitu zidan 2.000 pezetako isuna geneukala esanez eta hamabost egunen barruan ordaindu behar genuela ohartaraziz, bestela kartzelara eramango ninduela-eta. 2.000 pezeta dirutza zen orduan eta errekurritu egin genuen Madrilera. Hala, luzatu genuen kontua, eta nire ondorengo presidenteak ordaindu zuen gero isuna. JOCekin Erromara ere iritsi ginen. JOCen biltzar antzeko bat egin zen han eta dantzarako aukeratu gintuzten gu, sekula inon dantzarik egin gabeak. Bi herri aukeratu zituzten dantzarako: Tirol, eta Espainia, eta Espainiatik Euskal Herria, eta Euskal Herritik geu: Elgoibar. Hiru hilabete lehenago esan ziguten zortzikoa dantzatu behar genuela Erroman, eta ibili ginen ikasten. 300.000 lagunen aurrean egin genuen dantzan Erroman, egunkarien arabera. 1957an izan zen hori.
JOCen bilera batetik sortu zen Ongarri Kultur Elkartea ere. Frankismo garaia zen, eta hemen ez zegoenez ez alderdi politikorik, ez sindikaturik eta ezta ezeren gaineko mugimendurik ere, Elgoibarren kultur elkarte bat sortzea proposatu nuen Elizaren lokal batean egin genuen bilera hartan. Baietza eman zidaten eta sortu genuen Ongarri.

Gizon eliztarra zarela esan duzu. Eliza 2000 taldearekin bat egin duzu, “Herriaren eliza” bultzatu nahi dutenekin, “ebanjelioaren aldarrikapen askatzailearekiko leiala eta herriaren sufrimenduekin solidarioa” den Eliza nahi dutenekin.
Bai. Elizak hori izan behar du. Eliza katolikoaren hierarkia guzti horren kontra nago. Ebanjeliora makurtu behar da Eliza, Nazareteko Jesusek esandakora; apalagoa izan behar du, gertukoagoa.

Kooperatibei oso lotuta ageri da zure izena. La Elgoibarresa kontsumo kooperatiba eratu eta sustatu zenuen, esaterako. Zer zen, eta nola oroitzen duzu sasoi hura?
Denda bat zen, kooperatiba bat. Bi lokal genituen: bata, Errosario kalean, eta bestea, San Frantzisko kalean. Ez dakit zenbat urtez izan nintzen hango presidente, eta gero, laga eta sei-zortzi bat urtera, zuzendaritza talderako aukeratu ninduten. Gaizki zebilen oso kontsumo kooperatiba, ia-ia zulora joateko arriskuan, eta eskatu genion Eroskiri berak hartzeko, baina eurek ez zirela ospitala erantzun ziguten. Garai zaila izan zen. Presidente aukeratu zutenak uko egin zion karguari eta bozketan bigarren boto gehien lortu zuenak ere ez zuen ardura hartu nahi izan. Halaxe, zuzendaritzan azkena sartu ginen berrion arteko batek hartu beharko zuela bota nuen batzarrean eta neuk hartzeko esan zidaten, hasiera neuk eman niola eta esperientzia gehien neuk neukala arrazoituta. Eta jarri nintzen berriro presidente eta izan nituen hamaika burukomin. Laga zuenak ere esan zidan zaila izango nuela hura zuzentzen, gastuak gutxitzen eta sarrerak handitzen, baina zortea izan nuen biltegiko langileetako bati, gizon jatorra bera, erretiroa hartzea tokatzen zitzaiolako eta beste batek lana laga zuelako, eta sei-zazpi laguneko lantaldea murriztuta txikitu genituen gastuak. Sufritu nuen itzel orduan, batez ere biltegiko langile haren kasuan. Atera kontuak zer konpromisotan sartu nintzen soldatarik ere ez kobratzeko. Dena zen buruhaustea! 65 urte bete behar zituen gizonak eta lanean jarraitu nahi zuela esanez etorri zitzaidan, bestela oso pentsio txikia geldituko zitzaiolako, baina asko sentitu arren, ezingo zuela jarraitu erantzun nion, bestela kiebrara gindoazelako eta enpresak kiebra joz gero, inorentzako ez zegoelako han pentsiorik. Halaxe, irabazten hasi ginen eta joan nintzen berriro Eroskira, La Elgoibarresa bere egin zezan eskatuz. Eroskik esan zidan hurrengo urtea irabaziekin amaituz gero hartuko gintuela, eta hala gertatu zen.

Ongarri aipatu duzu. Ilusio bat bete zenuen Elgoibarren kultur elkartea sortuta. Nola oroitzen dituzu hasierako urte haiek?
Hasi beti egiten da bat ilusio handiarekin, baina errazetik gutxi izaten dute hasierek. Gogoratzen dut konferentziak-eta antolatzen genituela Maalako lokalean. Behin ekarri genuen apaiz iruindar bat [Rikardo Alberdi], oso ona bera, Marxismoaren gainera berba egitera. Apaiza zen bera, baina goraipatu zigun Marx; Jesukristoren ondorengo gizonik inportanteena zela esan zigun. Euskal Jaia antolatzen ere geu hasi ginela uste dut. Politikoki ez ziren garai errazak, baina ez dut uste ezer txarrik pasatu zenik.

Kartzelara joateko mehatxuek ere ez zintuzten kikildu. Elgoibarko Izarraren sorreran ere zure izena ageri da, beste batzuenen ondoan. Bizi da zuen proiektu hori ere.
Bai, eta poza ematen du, norberak ilusio handiarekin bultzatutako zerbaitek oraindik bizi eusten diola ikusteak. Euskara eta euskal kulturaren alde egiteko sortu genuen Elgoibarko Izarra eta lagundu genuen Ikastola bera ere. Euskararen alde asko egin duena Felix Etxeberria izan da Elgoibarren. Horretan bera izan da nagusi herrian.

IZPI ezinduei zuzendutako lantegia ere sortu zenuen eta DEE Drogak Eragindakoen Elkartearekin ere lan egin zenuen.
Emaztearen [Garbiñe Uriguen Aranburu] ideia izan zen IZPI. Ezinduei laguntzen ibiltzen zen emaztea eta behin joan zen Bergaran zabaldu zuten tailer bat ikustera, gonbidatuta. Hain gustatu zitzaion asko proiektu hura taldeko lagun ezinduei Elgoibarren halakotxe tailer bat sortuko zutela agindu ziela eta etorri zitzaidan neri gero laguntza eske. Emaztea hasi zen proiektu hartan eta gero neuk jarraitu nuen. Udaletxean aurkeztu nuen proiektua eta Jaurlaritzara ere jo nuen diru eske. 13 milioi eskatu genituen euskal gobernura, Toletxe gaineko lokal bat erosteko, eta proiektua eskualde osorakoa egiten bagenuen emango zigutela agindu ziguten. Eta halaxe, Elgoibarrerako zena eskualde osorako egin genuen. 40 langile izatera iritsi zen Izpi. Benetan tailer polita eta proiektu garrantzitsua izan da urteetan.
Drogekin, berriz, arazo handiak izan ziren Elgoibarren eta izango dira orain ere, beharbada. Batzorde bat sortu zuten Elgoibarren eta emaztea ibili zen han ni baino gehiago. Gehienak emakumeak ziren han ere. Neu ere hasi nintzen, baina ez nuen nik lan handirik egin han, kargurik ez neukan behintzat. Nola ez genien lagunduko ba haiei! [GIB birusaz kutsatutakoez ari da] Baztertuta zeuden, eta hil ere egin ziren batzuk. Errealitate gogor haren aurrean derrigor egin behar genuen zerbait. Gutxietsita zituen jendeak eta jardun genuen esaten laztan bat emateagatik ez zela inor kutsatuko ditxosozko gaixotasun harekin. Gazte asko hil ziren. Frankismoa garai zaila izan zela esan dizut lehen, baina hau gogorragoa izan zen. Gazte jende asko gelditu zen harrapatuta eta familia asko apurtuta.

Emaztea aipatu duzu. Saritutako gizonezko askoren ondoan emakume ekintzaileak izan ohi dira sarri. Zurean ere halaxe da itxuraz.

1706636362401 Sabin Osoro: 'Herriaren alde egin dut egin dudan guztia, eta pozik nago'

Bai, bai, hori beti. Ni ibili naiz batean eta bestean, emazteak horretarako aukera eman didalako. Bera ere oso idealista izan da eta da, eta sekula ez dit trabarik jarri ezertarako. Lau seme-alaba ere izan ditugu, hori bai, eta bera arduratu da beti etxeko kontuez. Horri esker errenditu ahal izan ditut nik kanpoko kontuak. Hori halaxe izan da, eta zure aurretik etorri zen beste batek saria zeini eskaintzen nion galdetu zidanean ere esan nion: emazteari.

Politikan ere ibilia zara. Zer nolako esperientzia izan da?
Frankismoa bukatu ostean, ESEI sortu zen Euskal Herrian eta han ere neu sartu nintzen zinegotzi Udalean lau urtez. Legegintzaldi hartan, gainera, gauza garrantzitsuak lortu genituen: Mendaroko ura ekartzea, kiroldegia eraikitzea eta San Lazaro egoitza berritzea. Borroka handia izan genuen EAJkoekin orduan. Maalako parkea kendu nahi zuten zahar-egoitza egiteko eta esan genien Elgoibarren parke bat besterik ez eta nola kenduko genuen ba!

Emaztea ilusionista zenuela esan duzu. Zu ez?
Bai, bai. Handia. Elgoibarren alde egin dut nik egin dudan guztia, herriaren alde. Beti izan dut zerbait egin nahia herrian. Kultur kontuetan, enpresa munduan, politikan... saltsa askotan jardun dut, beti herriarentzako onena zela pentsatzen nuena eginez edo ahaleginduz behintzat.

Ilusioa ere apaltzen ari ei da gaurko gizartean. Zer duzu esateko?
Pasatzen dena da guk gure denboran ez genuela pentsatzen dirurik jasotzerik herriaren alde lan egiteagatik, eta gaur, berriz, inor ez da lanean hasten dirurik ez badago bueltan. Idea hori nagusitu da, eta pena da. Diru zaletasunak itsututa gaitu gaur; horretxek paralizatzen gaitu. Herriaren alde ere ez da egiten gaur doako lanik. Borondatez jardun genuen guk, zemeikorik ere kobratu gabe eta behar zenean geuretik jarrita dirua. Hamaika buruhauste hartu genituen, baina dirurik ez. Gaur ere sartzen da jendea udaletxera lanera-eta, baina kobratu gabe inor ez. Ni ESEIko zinegotzi izan nintzen lau urtean, kobratu gabe. Gu irten ginenean hasi zien kobratzen besteak.

Etxebizitza sozialen proiektu batekin ere ibili zinen tematuta.
Bost urtean hor ibili ginen batera eta bestera. Espainiako Gobernuak 60.000 metro koadroko lur sail bat zeukan Elgoibarren hartuta [San Lorentzo aldean, Kakatza bueltan], lurjabei desjabetuta. Lur sail horretan etxe merkeak egin nahi genituen guk, baina horretarako Udalak egin behar zuen aurrera. Gure alkateak, baina, bazituen beste interes batzuk eta geldituta eduki zuen hori. Talde bat sortu zen proiektu hori aurrera ateratzeko eta neu ere sartu nintzen kooperatiba hartan. Lur sail horretako parte bat eskatu zioten kooperatibakoek alkateari, baina hark hartzekotan dena hartu behar zela eta dena urbanizatu. Bazekien ondo hark zein garesti irteten zen hori. Hala ere, nik aurrera egin behar genuela esan nien, hartuko genuela sail osoa. Gobernadore zibil kriminal batengana ere joan nintzen ni laguntza eske eta zer diren gauzak! eskua ere eman nion, zerbait nahi denean halakoak ere egin behar izaten direlako, eta gero bere esku ez zegoela erantzun zion Udalari. Hori ere egin nuen!
Madrilera ere joan ginen gero, Etxebizitza Saileko zuzendari nagusiarengana –eta oso ondo hartu gintuen dena esan behar bada–, baina hark esan zigun desjabetutako lurrak hamabi urteren barruan jarri behar zirela martxan, bestela ugabazabari itzuli behar zitzaizkiola berriz, eta gureak hamabi urte bete berri zituen orduan. Eta jakina, ezerezean gelditu zen gure ahalegina, epez kanpo ari ginelako.

1706636362524 Sabin Osoro: 'Herriaren alde egin dut egin dudan guztia, eta pozik nago'

Nolakoa da Sabin Osoro?

Ezinegon handikoa izan naiz, ameslari xamarra beharbada, baina herriaren alde egin genuen ahal genuen guztia.
 
 

Danobaten sorreraz bertsio bat baino gehiago daude, baina ofizialaren arabera, zeu izan zinen enpresa sortu zuten hamasei lagunetako bat, kooperatiba-aurreko egitura sozietarioaren ideologoetako bat. Eguzki eta Goiti enpresen sorkutzan ere parte hartu zenuen. Bistan da kooperatiben eredua gustuko duzula.
Nik –beste zenbaiten laguntzarekin– hasitakoak bi enpresa izan dira: Danobat eta Goiti. Danobaten koadrila handi bat ginen, hamasei bat. Sortze-bilera egin genuenean garbi esan nuen ordura arte ugazabengaitik gaizki esaka ibili ginela eta ezingo ginela gu haien pare hasi. Partea eman behar geniela langileei irabazietan, denak bazkide eginez. Ni bai; ni beti izan naiz kooperatiba zalea.

Jose Maria Arizmendiarretaren ikutua izan duzu zuk ere hortaz.
Bai. Harekin ere izan nintzen behin. Danobata martxan zegoela hiru arotz etorri zitzaizkidan behin esanez arotzeria tailer bat sortu nahi zutela, eta baietz esan nien, baina arotzeria hutsa izan beharrean tailer mekanikoa ere beharko zuela esan nien. Banituen neure dudak, baina, eta joan nintzen Arizmendiarretarengana, hura zen orduan kooperatibaren ideologoa eta. Eta ezetz hark! Sozietate handietan egiten zela, baina txikietan batak bestea hondatu zezakeela eta hobeto zela ezetz. Abade hark eman zidan neri haginetakoa. Alfonso Gorroñogoitiarengana jo nuen gero, Arrasateko industria kooperatiba mugimenduaren sortzaileetakoa zen harengana, abadeak ez ninduen konbentzitu eta. Eta entzun nahi nuena esan zidan hark: baietz, aurrera egiteko. Urteak pasatu dira eta arotzak hil ziren, baina Goitik jarraitzen du martxan.

Eta hori dena egin zenuen eskola handirik gabe. Penarik baduzu?
14 urterekin laga nuen eskola. 14 urte egindakoan bi aukera zeuden Elgoibarren: Unibertsitatera joan edo Eibarko Armeria Eskolara. Unibertsitatera bi edo bakarren bat joaten ziren, dirua zutenak. Ni Armeria Eskolarako nengoen izena emanda, baina 14 urte bete nituen urtean gerra hasi zen [Ekainean betetzen ditu urteak eta 1946ko uztailaren 18an izan zen militarren altxamendua]. Eta jai nire eskola kontuak! Lanera hasi behar izan nuen. Osabarenean egin nituen lehenengo sei bat hilabete berak zeukan lima-tailerrean eta Alcorta, Unzueta y Cia-ra joan nintzen gero. Ugabaza batzuk Bilbokoak ziren eta etorri ziren behin enpresara Bilbon tornulari bat behar zutela esanez eta eman nuen izena, hemen irabazten nuenarekin justu-justuan bizi nintzelako bakar-bakarrik. 19 urte nituen. Sekula zapaldu gabe neukan Bilbo eta joan nintzen trenean maleta hartuta. Estaziotik irten eta galdu nintzen berehala. Kale erdi-erditik han nindoan ni Bilbon eta udaltzaina txistuka eta txistuka. ‘Ya se ve que eres de pueblo’ esan zidan. Urtebete egin nuen Bilbon enkargatuarenean bizitzen eta 10 kilo hartu nituen. Beldurtzeko gosea eraman nuen nik! Txitxarroak ere hezur eta guzti jaten nituen nik!
Gero soldaduskarako deitu ninduten eta joan nintzen Villaverde Altora (Madril). Hiru urte egin nituen han. Aurretik ere demaseko gosea pasatu genuen, baina han ere ez genuen txikia pasatu. Nik beti esaten dut hiru bider pasatu dudala gosea eta oraindik bizirik nagoela!. Urte pila hartu ditut behintzat! Gure aita igeltseroa zen, eta justuarekin bizi izan ginen gu beti.

Eta zer sekretu dago ba?
Ez dakit ba, lana-edo. Golferian gutxi ibili naiz ni. Goiti sortu genuenean ere, lehenengo urteetan, Danobatetik irten eta bazkaltzeko astirik gabe joaten nintzen Goitira, ahal zenean laguntzera.

Zer izan ote zinen orduan gerra hura esistitu ez balitz.
Hori ez dakit, baina gerrak bizitza apurtu zidan neri. Aitak Frantziara egin behar izan zuen ihes; osaba bat, Angel Osoro, Aiastia aldean harrapatu zuten eta Hernanin afusilatu zuten eta ama beste aldera pasatzera behartu zuten, aitak ihes egin zuelako. Trenean eraman zuten eta Durangon hil zuten. Durango bonbardatu zutenean [1937ko martxoaren 31] elizan zen gure ama eta hantxe hil zen. Sekula ez dut ahaztuko ama joan zen eguna. Amarekin joan nahi nuen nik, baina amak beti esaten zidan gelditzeko hemen, beste aldean gosea zegoela-eta. Trenera igo zirenean abiatu nintzen ni atzetik korrika nere maleta hartuta, baina alto eman zidaten guardia zibilek, eta bigarrengo deian gelditu nintzen, bestela akabatuko ninduten bertan.

Arreba eta bi anaia gelditu ginen etxean. 12 urterekin arrebak hartu zuen etxeko ardura, baina meningitisa harrapatu zuen eta hil zen. Aitxitxa Ferminek hartu ninduen gero etxean eta anaia Polentxi Mutrikura joan zen aitaren senideengana. Gu zazpi lagun bizi ginen etxean: aitxitxa, bi izeba, lau osaba, lehengusu bat eta neu. Gero neure etxera bueltatu nintzen, bakar-bakarrik. Gerrak apurtu egin ninduen. Gerra hura izan ez balitz, Armeria Eskolako titulua izango nuke eta hura gauza handia zen sasoi hartan. Han ibilitakoek sortu zituzten Elgoibarren enpresa asko, Estarta y Ecenarro bera. Han ibilitakoek beti atera dituzte aurrera tailerrak.

Egindakoaren damurik edo egin gabekoen damurik?
Egindakoarekin pozik nago, baina erdibidean gelditu zitzaizkigun proiektuak aurrera atera ezinaren penatxo hori badaukat. Proiektu handiak izan ditut buruan, eta beti ezin da. Albitxurin egin nahi genuena, esaterako. Kultur eta aisialdi-gune gisa katalogatuta zuen Udalak 40.000 metro koadroko lur-saila Albitxurin, eta pentsatu nuen kirol-gune handi bat egitea hantxe. Sekulako proiektua prestatu nuen: futbol-zelai eder bat, bi-hiru frontoi, igerilekuak... eta kooperatiba ere sortu genuen hortarako. Hala, joan nintzen Jaime Arrese alkatearengana. Metroa 225 pezetatan erosteko egin nuen tratua, eta berak ezetz. Karua zela eta gainera zabortegia zela hura.
Caja Laboraleko zuzendari nagusiari aurkeztu nion gero proiektu bera. 40.000 metro koadro gutxitxo zirelakoan proiekturako, beste ugazaba batekin ere egin nuen tratua beste 1.000 metro erosteko, 300 pezetan metroa. 12 milioi pezeta behar nituen guztira lurra erosteko eta Caja Laboraleko zuzendariak diru hori emango zigutela agindu zidan eta egiteko aurrera. Etxabe pelotaria, Azkuetarra, pilotari famatua zen eta hura Madrilera joan zen, proiektu hartarako laguntasun eske. Hark ere lortu zuen babesa, eta beraz, guk geuk ez genuen diruaren arazorik ikusten, baina Jaimek ezetz eta ezetz eta ezerezean gelditu zen dena. Golpea da, gero hurrengo alkateak, Jauregik, 500 pezetan erosi zuela metroa. Beraz, gure 12 milioi pezetak asko zirela esan ziguten, baina gero 20 milioian erosi zuten, eta gainera erdia ordaindu eta hurrengo legegintzaldirako laga zigun beste erdia ordaintzeko. Orain, industrigunea dago lur-sail hartan.

Gaur egun zertan dihardu Sabin Osorok?

1706636362618 Sabin Osoro: 'Herriaren alde egin dut egin dudan guztia, eta pozik nago'

Pasiatu, irakurri, siestatxoa egin... lasai bizi naiz. Hemen [Zumaian] egiten ditut denboraldi luzeak eta gustura bizi naiz. Badaukat kasualidadez egindako koadrilatxo bat, neu baino hogei urte gazteago diren lagunena, eta haretxekin ibiltzen naiz txikiteoan. Elgoibarren okerrago nabil. Koadrilan bost ginen, bi etxean daude, eta beste hiruretako bat, Julian Iriondo, oraintxe hil zaigu eta Manolo Jauregi eta biok gelditzen gara orain. Hiru lagun ibili gara urteetan; hiru lagun, hiru alderditakoak. Bitxia da gero hori ere, ezta? Gu bezain ondo konponduko balira denak beste modutan ibiliko ginateke, baina ezinikusi handia dago oraindik politikagintzan dihardutenen artean.

Elgoibarren erradiografia egindazu, mesedez. Horrenbeste proiektutan ibili denak orain ere ikusiko du zerbaiten falta.
Egongo da orain ere zerbaiten premia, baina ez naiz konturatzen. Asetuta nago. Sasoi batean egin genuen nahikoa eta orain deskantsua tokatzen da.
 
*Testua: Ainara Argoitia.