'Euskaraz bizi nahi dut!' flashmob-a, Euskararen Nazioarteko Egunean

elgoibarren.net 2014ko aza. 12a, 12:12

 
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko prestaketa-lanetan dihardu Elgoibarko zenbait elkarte, ikastetxe eta erakundek. Hainbat ekintza antolatu dituzte, eta horietako bat flashmoba izango da. Euskaraz bizi nahi dut! flashmob-a dantzatuko dute abenduaren 3an, Kalegoen plazan, eta antolatzaileek herriar guztiak dantzan jarri nahi dituzte. Azaroaren 20an hasiko dira entseguak.

 

  Iaz ekin zioten bideari segituz, aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko prestaketa-lanetan dihardu Elgoibarko hainbat elkarte, ikastetxe eta erakundek. Ospakizun-programaren berri hurrengo egunetan emango dutela aurreratu badute ere, aurretik lantzea komeni den ekimen bat dutela eskuartean jakinarazi dute. Hala, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean Euskaraz bizi nahi dut! flashmob-a dantzatuko dute Kalegoen plazan. Abenduaren 3an izango da, 19:00etan, eta Josu Mujika dantzari eta koreografo elgoibartarra izango da zuzendaria. Antolatzaileek Josu Mujikaren dantza-eskolako ikasleekin batera dantza egitera gonbidatu dituzte herritar guztiak.

Entseguak azaroaren 20tik aurrera

Eta flashmob-a “ganoraz” dantzatu nahi dutenez, entseguak ere prestatu dituzte pausoak ikasteko. Hauek dira entseguetarako egunak eta orduak: 

  • Egunak: azaroak 20, 25 eta 27
  • Ordutegia: 18:30-19:00
  • Lekua: Olaizaga Kiroldegian

Azaroaren 29an, berriz, entsegu orokorra eta bateratua egingo dute Ikastolako frontoian, 12:00etatik 13:00era. 

Koreografiaren pausoak 

Abenduaren 3an dantzatuko duten flashmob-a ezagutu eta giroa berotzen hasteko, interesatuek honako bideoan ikusi eta ikasi ditzakete koreografiaren pausoak.

Lotura duten albisteak: