Zazpi mutil gaztek osatzen dute FEDME Espainiako Mendizale Federazioak alpinista gazteen taldea: hiru euskal herritar; horietako bat Alberto Fernandez elgoibartarra, bi katalan eta hiru espainiar (aragoiar bat eta Extremadurako beste bat). Mikel Zabalza (Iruñea, 1970) da taldeko zuzendaria, eta haren aginduetara hiru urtean jardun dute goi mendian trebatzen. Trebakuntzari amaiera emateko Himalaiara joan ziren. Hala, azken hiru urteetan ikasitakoa goi mendietan praktikatu dute.
Irailaren 25etik urriaren 31ra bitartean 26 egun igaro dituzte Kysar haranean, Nepalen, eta 6.000 metrotik gorako mendietan eskalatu dute, estilo alpinoan. Mendian libre eta seguru ibiltzen ikasteaz gainera, eskalatzaile gazteek bide berri bat irekitzea lortu zuten orain arte sekula igo gabeko Sakaton Peak mendian (6.325 metro). Pura Vida izena jarri zioten bide berriari, Annapurnan zendu zen Iñaki Otxoa Olza mendizale nafarraren omenez. Bide berriak 1.300 metroko desnibela du, eta M5 graduko zailtasuna eta 80 graduko maldak izotzetan. Orokorrean MD+ zailtasuna du.
•Izenik gabeko mendia
Lau egun eta hiru vivac egin behar izan zituzten igoera osatzeko. Bide berriaz gainera izena ere jarri behar izan diote mendiari, Nepaleko mapetan izenik gabeko puntu bat moduan agertzen dela azaldu baitu Zabalza espedizio buruak. “Izenik ba ote zuen galdezka aritu ginen, baina izenik ez zuela ikusita Sakaton izenaz bataiatzea erabaki genuen” adierazi du Zabalzak Desnivel aldizkariari eskaini dion elkarrizketan. Eskalada “konprometitua” izan zela dio eskalatzaile nafarrak, “pendiz handietan zegoen elurra eta aseguruak jartzeko leku egoki falta izan dira zailtasunik handienetakoak”. Desnivel.com atarian irakur dezakezue Mikel Zabalzari eginiko elkarrizketa osoa. Honenbestez, amaitu da alpinista gazteen 2012-2104 belaunaldiaren trebakuntza.
*Argazkiak: Mikel zabalza eta FEDME.