Karakateko igoerako errekorrak ondu dituzte Inigo Larizek eta Nahia Quincocesek

elgoibarren.net 2014ko aza. 15a, 13:59

Errekorren edizioa izan da 21. Karakateko igoera. Iñigo Larizek bi segundoan ondu du iaz ezarritako errekorra, eta 27:37ko denboran laga du marka berria. Emakumezkoetan ere errekorra ondu du Nahia Quincoces lekeitiarrak (34:21). Parte hartzaile kopuruari dagokionez ere, sekula baino antxitxikari gehiago izan dira aurten, 119 lagun guztira. (argazkiak eta bideoa dauzka)

 Korrika egiteko egun ederra izan dute goizean Karakateko igoeran parte hartu duten 119 lagunek, zeru oskarbia eta giro freskoa. Horrek ere lagunduko zuen, beharbada, partaidetza errekorra gainditzen, estreinakoz 100 lagunen langa gainditu baitu probak, aise gainditu ere. Guztira 119 lagunek hartu dute parte.

 Iñigo Lariz izan da guztietan azkarrena, hirugarren urtez jarraian. Gainera, iaz ezarri zuen errekorra bi segundoan ondu du Larizek. 27 minutu eta 37 segunduan egin du Kalegoen plazatik Karakateko tontorrera arteko bidea. Mikel Beunza sailkatu da bigarren postuan, 28:23ko denborarekin eta Josu Uriarte markinarra sailkatu da hirugarren (28:50). Lehen bost sailkatuek egin dute igoera ordu-erdiaz azpitik. Era berean, asko izan dira soken edo egurraren bidea moduan ezagutzen den bidetik igoera egin dutenak. Larizek bide horretatik igoera eginda lortu zuen errekorra iaz, eta aurten ere handik igo da. Tontorrean batu diren ikuslek ere bazekiten bide horri begirik ezin zitzaola galdu, eta bidearen amaieran kokatu dira lehen korrikalarien zain. Bidea ere egina zieten parte hartzaileei, baina uste ez zuten ertz batetik hartu du gaina Larizek, ia denak ezustean hartuz. 

1706636332216 Karakateko igoerako errekorrak ondu dituzte Inigo Larizek eta Nahia Quincocesek

Emakumezkoetan Nahia Quincoces mendexarra izan da azkarrena, 34:21eko denborarekin. Hala, Maite Maiorak 2010ean ezarri zuen orain arteko errekorra (35:43) ondu du, dexentean hobetu ere. Ainhoa Lendinez izan da lehen emakume elgoibartarra. Aurpegi onenaren saria, berriz, Carla Martinez Albornoz donostiarrari eman diote Morkaiko mendi taldekoek. Ikusi sailkapena ondorengo tauletan klik eginda.   

 

1706636332346 Karakateko igoerako errekorrak ondu dituzte Inigo Larizek eta Nahia Quincocesek

1706636332420 Karakateko igoerako errekorrak ondu dituzte Inigo Larizek eta Nahia Quincocesek

Argazkiak:

•Azken urteetako irabazleak:

∞Lotura duten albisteak: