Mausitxako gaztak irabazi du Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa

elgoibarren.net 2014ko aza. 17a, 12:10

 
Azken hamar urteetan (2005etik 2014ra) Ordiziako gazta txapelketa prestigiotsua irabazi duten gaztagileek hartu zuten parte Ordizia Txapeldun 27. gazta txapelketan. Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak hiru gazta aurkeztu zituen lehiara, hiru alditan irabazi baitu Ordiziako txapelketa (2005, 2007 eta 2009), eta horietako batek irabazi zuen txapeldunen txapelketa.

 

 

 Mausitxako gazta bigarren postuan sailkatu zen aurtengo Ordiziako Idiazabalgo artzain gaztaren txapelketan, eta gazta hura egin zuten egun berean egindako beste ale bat aurkeztu zuten joan den zapatuan Ordizian egin zuten Ordizia Txapeldun gazta lehiaketara. Azken hamar urteetan Ordiziako gazta txapelketa prestigiotsua irabazi duten gaztagileek hartu zuten parte lehiaketan. Zilarrezko domina Eulateko (Araba) Rikardo Remirorentzat izan zen (2008, 2011 eta 2013 urteetan irabazitakoa), eta brontzezko domina, Idiazabalgo J. Aranburu elkartearentzat izan zen (2006 eta 2010eko irabazleak). 

Urrezko Gazta irabaztetik hurbil 

 Hiru gazta hoberenak diru-saria jaso zuten: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu zutenez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten lehen hiru sailkatuek. Gainera, Mausitxak aurkeztutako gazta oso gutxigatik ez zen heldu Urrezko Gazta garaikurra eskuratzeko behar izaten den 8,5eko puntuaziora. Epaimahikideek 8,45 puntu eman zizkioten Mausitxako gaztari.

 Lotura duten albisteak: