'Musikalean' egitasmoarekin bat egingo dute Elgoibarko eta Mendaroko musika eskolek

elgoibarren.net 2014ko aza. 18a, 08:19

Azaroaren 22an da Santa Zezilia eguna, eta horren harira hainbat ekintza antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron. Euskal Herriko musika eskola ia guztiek egingo duten moduan, Elgoibarko Inazio Bereziartua eta Mendaroko Ameikutz musika eskolek ere, Musikalean izeneko ekimenarekin bat egingo dute, eta musikaz girotuko dituzte kaleak. Era berean, Ikastolako umeak ere irtengo dira kalera instrumentuak hartuta, Santa Zezilia bezperan. Eta, Udal Musika Bandak ere kontzertu berezia eskainiko du domekan.

 

 Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, EHME-k, aurten ere, Musikalean ekimena prestatu du musikarien zaindariari gorazarre egiteko. Izenak dioen bezala, musika kalera atereaz ospatu nahi dute Santa Zezilia. Hala, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako txaranga kalejiran irtengo da eguaztenean (azaroak 19), 19.00etan. Barixakuan, berriz, trikiti doinuek hartuko dituzte Elgoibarko kaleak, kalejiran ibiliko baitira akordeoi eta pandero joleak (goiko argazkian), 18:30ean hasita. Mendaroko Ameikutz musika eskolakoak eguenean irtengo dira kalera, musika eskolako koral taldeak eta trikitilariak, hain justu ere. Herriko Enparantzan eskainiko dute saioa, 19:00etan hasita. 

Kontzertua auditorioan
Eguenean, hilaren 20an, kontzertua eskainiko dute musika eskolako ikasleek eta musika taldeek Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan. 19:30ean hasiko da kontzertua. Amaieran diploma banaketa egingo dute. (ikus egitaraua - PDF)

1706636330049 'Musikalean' egitasmoarekin bat egingo dute Elgoibarko eta Mendaroko musika eskolek

Ikastolakoen kalejira

Elgoibar Ikastolako Lehen Hezkuntzako haurrak azaroaren 22an, barixakuan, irtengo dira kalejiran. Kalegoen plazan batuko dira 8:30ean, eta handik Ikastolara arteko bidea egingo dute elkarrekin. Euria egiten badu Ikastolan bertan egingo dute saioa arratsaldean.
 
Udal Musika Bandaren Santa Zeziliako Kontzertua
 Elgoibarko Udal Musika Bandak Santa Zeziliako kalejira eta kontzertua eskainiko du Santa Zezilia biharamunean, domekan. Kalejira 9:45ean hasiko da eta 12:30ean kontzertua, Herriko Antzokian. Txomin Mujikak zuzenduko duen kontzertuan bost pieza joko dituzte: Campo de Rosas (Miguel G. Bastida), Pacific Dreams (Jacocob de Haan), Hooray For Hollywood (F. Cesarini) eta Malagueña (E.Lecuona). Kontzertu horretan, gainera, hil ondorengo omenaldia eskainiko diote hil berri den Julian Iriondori, bandako zuzendaria izan baitzen hainbat urtean. Hain zuzen, hil diren bandako kideen (Bittor Alberdi, Juan Cordero eta Julian Iriondo) omenezko meza ospatuko dute zapatuan, Santa Zezilia egunean, San Bartolome parrokian (19:00).