Joan zen zapatuan zen jokatzekoa Columbia Raid Series ligako azken proba, Esteribarreko raida, baina antolatzaileek proba ez jokatzea erabaki zuten. Honenbestez, Imanol Garaizabalek eta Aaron Garmendiak osatzen duten Euskal Raid taldeak lehen postua eskuratu du sailkapen nagusian, 578 punturekin. Esteribarreko raida jokatu izan balitz ere, proban parte hartzearekin nahikoa zuten Garaizabalek eta Garmendiak txapelketa irabazteko, alde handia ateratzen zieten-eta bigarren sailkatuei.
Ligako azken hiru probak -Aiaraldeakoa, Arratiakoa eta CDN- jarraian irabazi ostean lortu dute txapeldun izatea, bigarren urtez jarraian.