Abenduaren 13an grabatuko ditu EITBk Gabon zaharreko kanpaikadak Elgoibarren

elgoibarren.net 2014ko aza. 27a, 17:24

 

EITBk Elgoibartik emango ditu Gabon zaharreko kanpaikadak, baina ez da zuzeneko emanaldia izango, aurrez grabatutako saioa baizik; abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, hain justu ere. Kalegoen plaza jendez bete nahi dute telebistakoek, eta horretarako musika ardatz izango duen lau orduko jaialdia antolatu dute, Oihan Vega DJa eta A ze banda! saioko taldeen partaidetzarekin, besteak beste.

 

 San Bartolome parrokiako kanpaiak eta ordularia dira EITBk urteari agur esateko aukeratu dituenak, eta eguraldi iragarpenek laguntzen badute, abenduaren 13an, zapatua, etorriko dira EITBkoak Elgoibarrera Gabon zaharreko kanpaikadak grabatzera. Eguraldiak laguntzen ez badu, abenduaren 20ra atzeratuko lukete grabazioa. 

Lau orduko jaialdia 

Lau orduko jaialdia prestatu du dute, 20:00etatik 24:00etara bitartean, baina urtearen azken egunean emango duten grabazioa 21:00etatik 22:00etara egingo dute. San Bartolome parrokiako ordularia orduz aldatuko dute, eta 23:00etatik 24:00etara izango balitz bezala egingo dute grabazioa. EITBkoek txapelak eta bestelako apaingarriak banatuko dituzte, festa giroa erabatekoa izan dadin. Su artifizialik ere ez da faltako eta argiztatu egingo dute parrokia, San Bartolome egunean egin zutenaren antzera.

 Euskal Telebistako aurkezle eta aurpegi ezagunak etorriko dira Elgoibarrera. Oihan Vega DJak girotuko du gaua eta Euskal Herriko ahots talde onena bilatzen duen  ‘A ze banda!’ saioko finalistak ere etorriko dira Elgoibarrera.