'Kataiak' ikuskizunak 500dik gora lagun batu zituen museoan

elgoibarren.net 2014ko abe. 1a, 19:05

Kataiak ikuskizunak artez bete zuen barixakuan Makina Erremintaren Museoa. 500 lagunetik gora batu zituen Aitor Nova musikari elgoibartarrak sortu eta sustatutako ikuskizun garaikideak. Elgoibarren Makina-Erremintaren mendeurrena ospatzeko urte osoan antolatu den ekitaldi programako azken ekintza izan da Kataiak. (argazkiak dauzka)

 

 Urte osoa eman dute Kataiak ikuskizuna prestatzen, baina zuzenean jarraitu ahal izateko aukera bakarra zegoen: joan den barixakuan makina erremintaren museoan eskaini zituzten hiru saioetako batera joanez, alegia. Berezitasun horiek erakarrita, beharbada, ikusmina piztu zuen Kataiak-ek, eta 500 lagunetik gora hurbildu ziren Museora barixakuan.
Musikari gazteek sortu eta garatu duten sormen-lanak museoko makinen hotsak, sei musikarien zuzeneko musika, soinu elektronikoak eta irudiak uztartzen zituen, “makina-erremintaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuz".
  Txaber Fernandez zuzendari artistikoak zuzendu zuen jendaurrean Jagoba Astiazaran konposatzaileak sortutako lana. Zuzenekoan gainera, Xare Laborategiko sei musikarik hartu zuten parte: bik perkusioarekin, eta gainerako laurak, flautarekin, saxoarekin, txeloarekin eta klarinetearekin.

1706636293780 'Kataiak' ikuskizunak 500dik gora lagun batu zituen museoan

1706636293883 'Kataiak' ikuskizunak 500dik gora lagun batu zituen museoan


 Ikuskizunak ongi bereizitako bi atal zituen. Lehenbizikoan, ikusleek bisitariak balira bezala parte hartu zuten ikuskizunean, eta museoaren gune desberdinak ikusi zituzten makinen soinua, instrumentuen notekin eta ikuslearen beraren urratsekin batera nahasten ziren bitartean. Obraren bigarren atala, berriz, museoaren erdiko pabiloian garatu zen. Bertan, ikuskizunean parte hartzen zuten sei musikariek instrumentuak jo zituzten, hainbat soinu elektronikoren eta irudien laguntzarekin.
 Barixakuan jasotako irudi eta soinuekin, DVD edo antzerako beste euskarriren batean ere izango da Kataiak ikuskizunaz gozatzeko aukera, ikuskizunaren sortzaileek jakinarazi dutenez.
  • Ikuskizuneko hainbat argazki ikus ditzakezue imh.es webgunean
Lotura duten albisteak: