Elkarlanean dihardute festa antolatzen, Herri Eskolaren baloreak oinarri hartuta. “Elkarlanean dihardugu guztiok eskutik helduta, gure seme-alabak izan daitezen euskal hiztun zintzoak, guztion hezkuntza-eskubidearen aldekoak, emakume eta gizonen berdintasuna bilatuko dutenak, natura eta kirola maiteko dituztenak; elkarlanean dihardugu gure seme-alabak izan daitezen desberdintasuna aberastasuna dela eta elkarlanean emaitza hobeak lortzen direla uste izango duten elgoibartarrak”. Azken batean, “guztionak izango diren euskal eskolak” sustatu nahi dituzte, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea oinarrizko eskubidea delako.
•Gustatzen jata, gustatzen jaku
Jata erlea eta haren erletxoak izango dira Euskal Eskola Publikoaren jaiko maskotak, eta Gustatzen jata, gustatzen jaku izango da erabiliko duten leloa. Erleak ekosisteman behar-beharrezkoak diren bezala, gizartearen garapenerako herri eskolak ezinbestekoak direla uste dute, eta Herri Eskola Elgoibarko herriarentzat ere neurri batean “behar-beharrezkoa” dela adierazi dute.
Erleen moduan dabiltza lanean, Euskal Eskola Publikoaren jaia benetako festa izan dadin. 2015eko ekainaren 7an izango da festa nagusia, baina urte osorako egitaraua prestatu dute, herriko eta Gipuzkoako beste hainbat elkarterekin batera.
Pozik eta gogotsu dabiltza lanean, “ilusioz, elkarri lagunduz, hamaika ideia eta ametsi jarraituz”. Lan “mardula” egiten ari dira, “Elgoibarrek eta gizarte honek merezi duelako”.