Jendetza batu zen Urtezahar-gau aurreratua ospatzera

Barren.eus 2014ko abe. 19a, 19:08

Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibako Kalegoen plazatik eskainiko ditu ETBk abenduaren 31n, eta joan den barixakuan grabatu zuten saioa. Urtezahar-gaueko ospakizunak ia hogei egun aurreratzeak ikusmina sortu zuen herrian, eta hala, ikusminez, plaza bete zuten herritarrek. Azkenean, iragarritakoa baino dezente beranduago grabatu zuten plazan batutakoentzat gaueko unerik garrantzitsuena zena, San Bartolome parrokiako ordularia gauerdira ailegatu zen unea, alegia. Elgoibarko Udalak 20.000 euro jarri zituen grabazioa Elgoibarren egin zedin eta ostiralekoaz balorazio positiboa egin du Alfredo Etxeberriak. (argazkiak eta bideoa dauzka)

 

  Euskal telebistakoek argi eta apaingarriz jantzi zituzten Elgoibarko udaletxea eta San Bartolome parrokia eta plazan bertan eraiki zuten platoa, lurretik hamar bat metrora, andamio baten gorenean. Han goian grabatu zituzten kanpaikadak ETBko aurpegi ezagunek, parrokiako ordularia atzean zutela.
Euskal Telebistako iturriek jakinarazi dutenez, "jai eta umore giroko" emanaldi bera bi kateetan eskainiko dute, euskaraz. 2014ri agur esateko eta 2015. urteari ongi etorria emateko, aurkezle boskotea aukeratu dute, kiroletako aurkezle bat eta lau "sukaldari": Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldari eta 'No Es País Para Sosos'eko aurkezleak, Karlos Arguiñano (Anjel Alkain) eta Martin Berasategui (Iker Galartza), eta Sara Gandara ETBko kiroletako aurkezlea.

 Plazan batutako lagunek, baina, ezin izan zuten grabazioko irudirik ikusi. Plazan batutako lagunen irudiak hartu ahal izateko, giroa animatzeko jaia antolatu zuen ETBk, baina aurreikusitakoa baino beranduago hasi zen eta kanpaikaden grabazioa ere atzeratu egin zen. Giroari eusteko, grabazioa etenda zegoen uneetan, The Kites, Random eta Twin Melody ETB1eko A Ze Banda saioko talde finalistek, eta baita Oihan Vega DJak ere, emanaldiak eskaini zituzten frontoian jarri zuten eszenatokian, baina horiek ez dituzte Gabon zaharretako saioan emitituko. Honakoa baizik:
•ETB1ean 15 Baietz!!! saioa
  ETB1en, kanpaien aurretik eta ondoren, umorezko saioa emango dute, 15 Baietz!!! izenburupean. Zuek Hor eta Gu Hemen programaren ildotik jarraituz eta gabon itxurazko platoan, sukaldariak izango dira programari hasiera emango diotenak, Zergatik 12 mahats? galderari erantzunez. Anjel Alkain eta Iker Galartza, Arguiñano eta Berasategui pertsonaien eskutik, mahatsen ordezkoak aurkituko dituzte. Hainbat famatuk emango dituzte aukera hauek. Mikel Goñik 12 flan, Jose Luis Kortak 12 gamba a la gabardina, Martxelo Otamendik 12 pan amb tomaca… jango dituzte. Paulino izango da 12 'gong' emateko arduraduna. Bi sukaldariek ere beraien errezeta berezia egingo dute: Angulak bai, baina merke.
  Hauen guztien tartean, programan izaten diren pertsonaien esketxak: Torreviejakoek oporretan, Praileak, Benidorreko bikotea kotiloi batean eta haurren Gabonen ikuspuntuak. Elgoibarko plazarekin konexioak tartekatuko dituzte.
Iker Galartza eta Anjel Alkainekin batera, Aitziber Garmendia eta Asier Hormaza izango dira, eta Agurne Anasagasti, Maria Amolategi, Amaia Artetxe, Iro Landaluze eta Maite Eskarmendi ere saio berezi honetan ikusiko ditugu.
Frigorifiko garraiatzailea
  Elgoibarko konexioak frigorifiko 'garraiatzaile' baten bitartez egingo dira. Bi sukaldariak, platoan, frigorifikoan sartu eta Elgoibarko plazan azalduko dira, frigorifiko eta guzti.
  Kanpaien ostean, platora itzuliko dira eta musika izango da hirugarren zati honen mamia. Zuek Hor eta Gu Hemen programan aritutako solaskide, atal desberdinen arduradunak, kolaboratzaileak, aurkezleak eta pertsonaia desberdinak kantuan jarriko dituzte. Gaur egun pil-pilean dauden abestiei hitza moldatu, eta zuzenean platotik abestuko dute.

•No es Nochevieja Para Sosos, ETB2n
  ETB2n, No Es Nochevieja para Sosos umorezko saioa izango da ikusgai kanpaien aurretik. Vaya Semanita eta Euskadi Movieren lan-taldeak egingo du.
  Oraingo honetan, No Es País Para Sosos saioak ospetsu bilakatu dituen Ander Gonzalezek eta Ramon Rotetak paper garrantzitsua izango dute. Saio honetan hainbat aktore ezagunek hartuko dute parte: Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Maribel Salas, Itziar Atienza, Asier Hormaza, Diego Perez eta Humberto Gutierrez imitzaileak.
  Penintsulan barrena ibiliko dira Gonzalez eta Roteta bitxi hauek errezeta berriak ikasten. 2014. urtean jazotako gertakizunik nabarmenen errepasoa ere egingo dute saio honetan. Horrez gainera, Nekane Amaya ijito abertzalearen abentura berriak eskainiko dituzte. Kotiloia antolatuko du eta Ebola gaixotasuna ere agertuko da bertan. Gainera, Valladolid eta Hernaniko familiaren Gabon Zaharreko afariko ika-mika ikusteko aukera izango da
  Amaitzeko, 'No es Nochevieja para Sosos' saioak hainbat musika emanaldi eskainiko ditu. Tartean Luis Barcenasek 'El rock de la Gürtel' abestuko du, Elvis Presleyren gisako patilla luzeekin.
•20.000 euroko kostua Udalarentzat
  Elgoibarko Udalak Kalegoen plaza eskaintzeaz gainera, 20.000 euro gastatu ditu ETBk Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibartik eman ditzan. Izango duen oihartzuna kontutan hartuta, 20.000 euro “prezio egokia” dela uste du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, eta ez dela “garestiegia” nabarmendu du, 45 segundoko iragarki batek telebistan 24.000 euroko kostua duela argudiatuz. Euskal Telebistak kanpaikadak Kalegoen plazatik ematea Elgoibarrentzat “propaganda handia” dela adierazi du. “Hainbat konexio egiteaz gainera, urteko azken hamabost minutuetan Elgoibarko plazan hartutako irudiak ikusiko ditugu ETB1ean zein ETB2an, bi kateetan batera emango dituzte-eta kanpaikadak estreinakoz, eta euskaraz gainera”. Era berean, kanpaikaden grabazioaz gainera, ETBrekin sinatutako hitzarmenean jasota dagoenez, Elgoibarren egingo dituzten beste hainbat ekintzei zabalpena eta “tratamendu berezia” emateko konpromisoa hartu du ETBk, besteak beste, Kataiak ikuskizuna, Gabon Zahar Feria edo Mugertza krosarena.
•Barkamena herritarrei
Alkateak jakinarazi duenez, barixakuko grabazioaren emaitzarekin oso pozik geratu dira Euskal Telebistako arduradunak, besteak beste, irudi oso politak hartu zituztelako plazan. Alabaina, izandako atzerapenengatik barkamena eskatu dutela gaineratu du Etxeberriak. “Barixakuan batuko gara ETBko arduradunekin balorazioa egiteko, baina onartu dute akats batzuk izan zituztela, eta dagoeneko eskatu digute barkamena plazan batu ziren herritarrei eragindako endreduengatik. Soinu arazoen ondorioz musika sakrifikatu behar izan zuten batetik, eta atzerapenak izan zituzten bestetik”. Etxeberriak azaldu duenez, aurkezleak zeuden estudioa plazan, herritarren bistara, jartzea zen Euskal Telebistakoen hasierako asmoa, baina kanpandorrea eta ordularia nahi zuten bezain ondo ikusten ez zirela-eta, estudioa aldamio baten gainean jartzea erabaki zuten.

ARGAZKIAK: