Gurutze Gorriak jostailu-bilketa kanpaina martxan jarri zuen, aurten ere, Gipuzkoako hainbat herritan, tartean Elgoibarren. Kanpaina honek ezberdintasun ekonomiko eta sozialetan jarri nahi du herritarren interes gunea, egoera horretan dauden lagunekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sustatuz. Horrez gain, baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei lagundu nahi diete, batutako jostailuak doan banatuz.
Elgoibarko Gurutze gorrikoek Merkatu plazan dituzte pilatuta kanpainan batu zituzten jostailu guztiak, eta datorren abenduaren 23an banatuko dituzte. Baliabide ekonomiko nahikorik izan ez arren, haur guztiek dutela jolasteko eskubidea gogorarazi dute Gurutze Gorriko arduradunek. “Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aitortzen duenez (1959ko azaroaren 20a), jolasa oinarrizko eskubidea da, jolasteak aukera paregabeak eskaintzen dituelako haurtzaroan osasuntsu hazteko eta garatzeko. Jolasa ikasteko modu bat da txiki-txikitatik, mundua deskribatu, manipulatu, behatu eta interpretatzeko, eta inguruan dugun guztiarekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu”.
Gurutze Gorriko Gazteen kanpainaren baitan, webgune bat sortu dute adin bakoitzerako jostailurik egoki eta seguruenei buruzko informazioa eta aholkuak zabaltzeko: www.eljugueteeducativo.com.Era berean, sare sozialetan ere badihardute heziketa lan horretan, Facebook eta Twitter sare sozialean bitartez, honako traola erabiliz: #CampañadeJuguetes