Trabesiako probetan eta mendiko lasterketetan bakarka zein taldeka lehiatzen diren korrikalariei laguntzeko sortu dute hein batean Lizarpe lasterketa-taldea, baina baita, Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketa bera indartzeko ere, Euskal Herriko nahiz nazioarteko txapelketetako proba puntuagarria izateko mendiko klub baten babesa behar duelako.
Bost lagunek osatu dute Lizarpe Mendi Kluba: Iosu Juaristi izango da presidentea, Iñigo Lariz presidenteordea, Ioritz Konde idazkaria, Gotzon Zulaika diruzaina eta Ander Zulaika batzordekidea edo bokala.
Mendian lehiatu nahi dutenei bidea erraztu nahi die Lizarpe Mendi Klubak. Horretarako, mendiko federatuen txartelak egingo dituzte, FEDME Espainiako Mendizale Federaziokoa barne, eta kirol-arropa ere sortuko dute kirolarientzat. Lizarpe Mendi Klubak bi bide eman ditu harremanetarako: Lizarpemk@gmail.com posta elektronikoa eta LizarpeMT (Facebook).