Barren.eus webgunea berritu dugu

Barren.eus 2014ko abe. 23a, 12:18

1992ko abenduaren 24an ikusi zuen argia BARREN astekariak. Olentzeroren erregalua izan zen; Elgoibarko herriari eginiko oparia. Guretzako egun berezia eta seinalatua izanik, begien aurrean duzuen barren.eus atari berritua bistaratzeko egun egokia begitandu zaigu. Hona berrikuntza nagusiak:


Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2006ko urriaren 23an sortu zuen www2.barren.eus atari digitala. Hortaz, webguneak zortzi urte bete dituenean, berritu egin dugu barren.eus.
Orrialde nagusia berrantolatu dugu eta diseinua berritu, ikusgarritasunaren, eskuragarritasunaren, eta gaurkotasunaren mesedetan, baina edukiaren osotasuna mantenduta.

Era berean, gailu desberdinetan ondo ikusteko moduko diseinua egin dugu, Responsive Design-en teknikak erabiliz, gero eta zabalduago dago-eta mugikorren eta tableten bidezko webguneetarako sarbidea, baita telebista bidezkoa ere. Diseinu eta eduki guztia software librea erabiliz sortu dugula nabarmendu behar da, informatika eta programazio kontuetan laguntza eta gidaritza eskaintzen digun Aitor Lauzirikaren lanari esker.

Komunitatea, herritarren ekarpenei bide emateko

Lau atal nagusitan banatuko da eduki guztia: aktualitatea, komunitatea, mediateka eta artxiboa.
Elgoibartarren parte-hartzeari indar berria emateko asmoarekin, Komunitatea atala sortu dugu. Barren.eus osatzen dugun guztion taldea da Komunitatea. Komunitateko kideak izen-abizena duten erabiltzaileak dira, anonimoak ez diren taldeak, alegia. Benetako 'aurpegiak'. Norbanakoak edo elkarteak izan daitezke. Horiek, argazkiak, artikuluak, iruzkinak eta bestelako edukia gehitzeko aukera izango dute barren.eus atariko Komunitatea atalean.

• Artxibo erraldoia
Berebiziko garrantzia ematen diogu 1992tik hona argitaratu ditugun BARREN aldizkariaren ale guztiak (932 dagoeneko) sarean edukitzeari. Horiek berriz kontsultatzeko aukeraz gainera, Elgoibarren azken urteotan jazo denaren berri izateko aukera ematen duen artxibo erraldoia osatzen dihardugu. Izan ere, Bilaketak atalean erreferentzia bat idatziz gero, bilatzaile automatikoak, argitaratutako ale guztietan, eta 2006tik hona atarian argitaratu diren albiste guztietan, egiten du bilaketa.