Espainiako Ehiza Xehe txapelketako finalerako sailkatu da Arkaitz Egaña

Barren.eus 2015ko urt. 8a, 14:22

Espainiako Ehiza Xehe txapelketako finalaurrekoa jokatu zuten zapatuan Castillejo de Robledon (Soria) eta Arkaitz Egaña ehiztari elgoibartarrak bigarren egin zuen. Sailkapen horri esker, Espainiako txapelketako finala jokatuko du, San Anton egunean, urtarrilaren 17an, Toledon. 

 

Espainiako Ehiza Federazioak antolatuta, Soriako Castillejo de Robledo herrian jokatu zuten Espainiako Ehiza Xehe txapelketako finalaurrekoa, joan den zapatuan (urtarrilak 3). Galizia, Asturias, Kantabria, Errioxa, Aragoi, Katalunia, Gaztela Leoi, Nafarroa eta Euskadiko ehiztari onenek hartu zuten parte lehiaketan, eta, lau eper, 23 erbi, hiru untxi eta oilagor bat ehizatu zituzten guztien artean 3.500 hektareako ehiza barrutian jokatu zen txapelketan. 

Joan den azaroan Euskadiko Ehiza Xehe txapelketan gertatu zen moduan, Francisco Llamas andoiandarra eta Arkaitz Egaña elgoibartarra izan ziren protagonista nagusiak: Egañak irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta bigarren egin zuen Llamasek orduan. Sorian, baina, ehiztari andoaindarrak eskuratu zuen lehen postua, alde oso txikiarekin izan bazen ere. Izan ere, eper bat eta bi erbi ehizatu zituzten batak zein besteak, eta puntu kopuru berbera lortu, 1.270 puntu. Ehizatutakoa kontrolean aurkeztu zuten orduak apurtu zuen berdinketa. Llamasek eta Luna txakurrak 12:25ean ailegatu ziren kontrol postura eta 13:42an iritsi ziren Egaña eta bere txakurra, Sol. Hortaz, lanak bizkorren amaitu zituen Llamasek eskuratu zuen lehen postua. Hirugarren postuan, berriz, iazko finalerdiko irabazle Eusebio Pejernaute ehiztari nafarra sailkatu zen.

2015 01 03arkaitzeganaLehen hiru sailkatuek eta beste bost ehiztarik (Santiago Sanchez, Fernando del Campo Sierra, Jose Luis Toledotxiki, David Bezares eta Jose Manuel Cobo) lortu zuten Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finalerako sailkatzea. Honenbestez, 2012an lortu zuen tituluagatik berriz borrokatzeko aukera izango du Arkaitz Egañak Espainiako Ehiza Xehe txapelketako finalean. Urtarrilaren 17an jokatuko dute finala Toledoko Los Yebenes herrian.

• La Union elkartearen batzarra

Ehizarekin jarraituz, Elgoibarko La Union Ehiza eta Arrantzu Elkarteak urteko batzarrak egingo ditu datorren astean. Martitzenean (urtarrilak 13) egingo dute kirol atalaren batzarra eta eguenean (urtarrilak 15) elkartearena. Biak 21:00etan hasiko dira eta parte hartzera deitu dituzte bazkideak. 

Lotura duten albisteak: