Hala iragarri berri dute auzipetuek eurek, Madrilen, polizia operazioaren bidegabea salatu eta atxilotuei babesa agertzeko egin duten agerraldian. Handik gutxira jakinarazi dute epaiketa bertan behera laga dutela. Elgoibarren, elkarretaratzea deitu dute arratsalderako, epaiketa salatzeko (19:30).
2007ko urrian Espainiako Poliziak Seguran Batasunaren kontra hasitako operazioan du jatorria auzi honek. Batasuneko 23 kide atxilotu zituzten orduan, baina operazio hark jarraipena izan zuen gero. Joseba Zinkunegi, esaterako, 2008ko otsailaren 11n atxilotu zuten Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko beste hamahiru lagunekin batera, eta 50.000 euroko bermea ordainduta 2010eko otsailean laga zuten libre, politikan jarduteko debekuarekin. Kazetaria da Zinkunegi eta Batasunaren komunikazio taldean aritzen zen.
Fiskaltzak ETAri laguntza ematea leporatzen die 04/08 sumarioan auzipetutakoei eta hamarna urteko kartzela zigorra eskatua du haientzat, eta akusazio eta zigor eskaera bera egina dute AVTk eta Dignidad y Justiciak, herri akusazioa osatzen duten bi elkarteek.
• 'Mate operazioa'
Gaur goizean, baina, ezker abertzalearen kontrako operazioa –Mate operazioa deitu dute– hasi du Guardia Zibilak eta hamasei lagun atxilotu dituzte orain artean, abokatuak gehienak: Amaia Izko, Kepa Manzisidor, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga Minde eta Ane Ituño. Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga, esaterako, Madrilen bertan atxilotu dituzte, hotelean. Auzipetutakoen defentsa abokatuak dira hirurak. ETAri laguntza ematea eta delitu fiskalak egin izana leporatzen diete. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, polizia operazioak zabalik jarraitzen du.
∞ Lotura duten albisteak: