Sanloko hamabi jokalarik Euskadiko selekzioarekin jokatu dute Espainiako Eskubaloi Txapelketa

Barren.eus 2015ko urt. 13a, 15:38

Infantil, kadete eta jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketa jokatu zuten Castellón (Valentzia), urtarrilaren 1etik 7ra bitartean. Jubenil mutilen Euskadiko selekzioan izan ezik, gainerako selekzio guztietan ordezkariak izan ditu Sanlok, hamabi jokalari guztira. Zarautzko eskubaloi taldeak bakarrik eduki ditu ordezkari gehiago Castellón. 

Sanlo eskubaloi taldeak harrobiarekin egiten duen lanaren isla dira infantil, kadete eta jubenil mailetako Euskadiko selekzioen deialdiak. Hautatzaileek Sanloko hamabi jokalari deitu zituzten orotara Euskadirekin Espainiako Eskubaloi txapelketa jokatzeko. Lauko taldeko Nora Kortaberriak Euskadiko jubenil nesken taldearekin aritu zen. Are gehiago, taldeko kapitaina izan zen Maria Andresekin batera. Txapelketa oso ona egin zuten eta finala jokatzeko aukerak izan ostean, brontzezko domina eskuratu zuten azken partidan Kataluniako selekzioa 25-22 gainditu eta gero.

 Kadete mailako Euskadiko selekzioek ere, neskenak zein mutilenak, maila oso ona eman zuten eta Espainiako Kopan txapeldunorde izatea lortu zuten batak zein besteak. Nesken selekzioak Sanloko hiru ordezkari eduki zituen: June Loidi, Nagore Rodriguez eta Amaia Rubio Tecnifuelleko jokalariak, hain zuzen ere. Rodriguezek zortzi gol sartu zituen Euskadiko elastikoa jantzita eta hiru gol Loidik. Kadete mutilen taldean ere funtsezkoa izan zen Elgoibarko Bankoa taldeko hiru jokalariren parte hartzea. Eneko Rubiok 15 gol sartu zituen, 13 gol Alejandro Berazak eta bi gol Aitor Kortazarrek. Azken honek min hartu zuen partidetako batean eta ezin izan zituen partida guztiak jokatu. 

 Infantil nesken Euskadiko selekzioan, Ane Kortaberria eta Nerea Lizarraga Federopticos Ikus taldeko jokalariak izan ziren Sanloko ordezkariak. Sei gol sartu zituen lehenak eta zazpi bigarrenak. Espainiako Kopan 5. postua eskuratu zuten. Infantil mutilen selekzioak, berriz, zortzi talderik onenen artean sailkatzea lortu zuen. Taldeko goleatzaile onenetarikoak izan ziren gainera Sanloko hiru ordezkariak: Iñigo Elustondo (13 gol), Kimetz Bergaretxe (12 gol) eta Jon Ortega (12 gol). Hirurak dira Hotel Txarridunako jokalariak. 

 Castellon izan ez badira ere, senior mailako Euskadiko selekzio nagusiek ere jokatu dituzte partidak Eguberrietan eta horiekin aritu dira Lauko taldeko Oihane Gomez eta Alcorta Forging Group taldeko Imanol Garziandia jokalariak.

Argazkiak

2015 01 09 sanlo12selekzioan2 2015 01 09 sanlo12selekzioan1
 2015 01 09 sanloselekjubnesk 2015 01 09 sanloselekkadetemut
2015 01 09 sanloselekielustondo 2015 01 09 sanloselekionortega
2015 01 09 sanloselekjuneloidi 2015 01 13 anekortaberria
 2015 01 09 sanloselekziinfnesk 2015 01 09 sanloselekzioainfmut

 

• Gaztetxoak eskubaloian murgilduz

Sanlo Eskubaloi Eskolak eguberrietan antolatutako ikastaro eta irteeretan 50 neska-mutilek hartu zuten parte. Besteak beste, eskubaloi munduko jokalari eta entrenatzaileekin entrenatzeko aukera izan zuten. Unai Arrieta elgoibartarra (Naturhouse La Rioja taldeko jokalari ohia), Matxalen Zearsolo eta Maialen Mugica Bera-Bera taldeko jokalariak, Reyes Carrere entrenatzailea eta baita Sanloko entrenatzaile Gojko Vucinic eta Juanma Lopez ere. Horrez gain, Bilboko Gabonetako parkera irteera bat ere egin zuten. Gaztetxoak eskubaloira erakarri eta eskubaloian murgiltzeko asmoarekin antolatu ditu Sanlok ekintza horiek. Sanlotik jakinarazi dutenez, urtarrilaren 25etik aurrera izando dute segida txikienentzako entrenamendu saioek eta irteerek. Emango dute horren berri. 

2015 01 09 sanlogabonetan 2015 01 09 sanlogabonetan2
2015 01 09 sanlogabonetan3 2015 01 09 sanlogabonetan4