Sinadurak bilduko dituzte laguntza sozialak mugatzearen aldeko plataformakoek azokan

Barren.eus 2015ko mar. 12a, 10:26

Laguntza Justuagoak izeneko herri ekimeneko kideak sinadurak biltzen arituko dira Elgoibarren, azoka eguna dela probestuz. Gizarte laguntzak mugatzeko 30.000 sinadura lortu nahi dituzte plataformako kideek eta diru sarrerak bermatzeko errenta dute jomugan: baldintzak estutu nahi dituzte, laguntza hori herritar gutxiagok jasotzeko. Elgoibarko PPk bat egin du ekimenarekin eta Alderdi Popularreko zinegotzi Javier Nuñezek herritarrak animatu nahi ditu sinadurak ematera joan daitezen.

 Javier Nuñezen esanetan, ongizate estatua hobetzea du helburu Laguntza Justuagoak plataformak. 30.000 sinadura lortuta, parlamentura jo ahalko dute, legea aldatzeko eskatzera. “Laguntzak benetan beharra duten pertsonengana iritsi daitezela nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gure poltsikoetatik irteten den dirua zorroztasunez banatuko duen sistema bat edukitzea”. Bere ustez, indarrean dagoen legeak ez ditu baldintza horiek betetzen. “Denok ezagutzen ditugu sistemak huts egiten duela agerian uzten duten kasuak, eta hala egiaztatu da azkenaldian ere. Esaterako, hor dago hamar laguntza aldi berean kobratzen ari den lagunaren kasua”.

 Nuñezek azaldu duenez, plataforma ez dute inoren kontra egiteko sortu, indarrean dagoen legea “hobetzeko” baizik. Jasotako kritikei ere erantzun die Nuñezek. “Arrazistatzak jotzen gaituztenak demagogia egiten ari dira, eta gainera, eurak dira gehiegikeriak gertatzearen erantzuleak, ez ikusiarena egiten baitute arazo honen aurrean. Laguntza sozialak denok ordaintzen ditugun zergekin eusten direla ahazten dute”.