Iaz elurteagatik kale egin eta gero, aurten berriz irten dira eskean Elgoibarko Izarrako Santa Ageda koruak. Iazkoaren ordainetan edo, eguraldi apartarekin ibili ziren santa eskean, iluntzerako hotz egiten bazuen ere. 14:30ean elkartu ziren Kalegoen plazan eta bi taldetan banatuta Sallobente-Ermuaran, Urruzuno, Idotorbe eta Aiastiako 40 baserri koplatu zituzten 22:00ak bitartean. Santa eskean parte hartu zuten 24 lagunek Aiastiako soziedadean afalduz amaitu zuten eguna. Nekatuta baina pozik. Izan ere, oraingoan ere baserritarrek harrera “ezin hobea” egin dietela nabarmendu dute.
Meabebasteretxea, Ziarda, Mañukorta eta Areitio aritu ziren bertsotan eta azken honek, Juan Mari Areitiok, oroigarri bat ere jaso zuen urte luzeetako parte hartzearen eskerretan. Elgoibarko Izarrakoek trikiti doinuak ere eraman zituzten Elgoibarko baserri auzoetara, Ekaitz eta Arantza eta Ansorregi eta Aitziber trikitilariei esker.
Elgoibarko Izarrakoak baserriz baserri zebiltzan bitartean Elgoibarko kaleetan ere entzun ziren kopla eta makila hotsak, Elgoibar Ikastolako eskola-umeak kalejiran irten ziren-eta (ikus argazkiak). Mendaroko eskola umeek ere ospatu zuten Santa Ageda bezpera. Elgoibarko Herri Eskolakoek ere Urazandiko parkean abestu zituzten kopla eta bertsoak (ikus bideoa).
•Argazki bilduma: