Orain arte ezer grabatua ez eduki arren, ahoz ahokoari esker, kontzertuak eskaintzeko eskaera dezente jaso zituen iaz Amorantek. Horietako bat Zarauzko Garoa liburu-dendan eman zuen, Paperezko Kontzertuak egitarauaren barruan. Orain bost kantu grabatu ditu eta egunean aurkeztuko ditu jendaurrean.
•Origamiz egindako gutun-azaletan bildutako kantuak
Ohiko disko baten formatuak izan ditzakeen mugak gainditze aldera, modu berezian argitaratuko ditu musikari elgoibartarrak bere abestiak, eguenean, Donostiako Garoa liburu-dendan, 19:30ean hasiko den zuzeneko emanaldi baten bidez. Ez da disko baten aurkezpena izango, bost kanturen aurkezpena baizik. Rafa Rodrigo Willis Drummond taldeko kideak origamiz egindako gutun-azal batean bildu baititu bost abesti horiek Amorantek. Gutun-azalaren barruan beste horrenbeste postal aurkituko ditu erosleak —Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak marraztuak eta serigrafiatuak— eta postal bakoitzean idatzitako kodearen bidez deskargatu ahal izango dira abestiak Amoranteren bandcamp-eko gunetik.
- Bost kantu horietako bat, “Dorre baten gordetakoa”, aurrerapen gisa entzun daiteke Berria-ren euskal musikaren atarian, badok.eus atarian
•Landa grabaketak eta hainbat instrumentu
Bost kantu hauek Xabier Erkizia ekoizlearekin grabatu ditu Amorantek. Ezaguna da Erkiziak egin ohi dituen lanetan soinuari ematen dion tratamendu berezia, eta Amoranteren grabazioa ez da salbuespena izan. Hainbat lekutan hartutako landa grabaketak erabili dituzte kantuak osatzeko, ia-ia beste musika tresna bat balira bezala. Gitarra, ukelelea, saxofoia, harmoniuma, korneta… jo ditu Amorantek, eta kolaboratzaileek (Patxi Zabaleta, Mursego, Niño de Elche, Francesca Romana di Nicola…) harpa klasikoa, elizako organoa, biolontxeloa edota marimbak gehitu dizkiete abestiei. (iturria: badok.eus)