Guillermo Hijanok lau domina eskuratu ditu Zientzia Olinpiadetan

Barren.eus 2016ko mai. 24a, 16:24

Euskal Zientzia Olinpiadetan eta Espainiakoetan lau domina eskuratu ditu Guillermo Hijano Mendizabal elgoibartarrak, zilarrezko hiru domina eta urrezko bat, hain zuzen ere.

Guillermo Hijano ikasle elgoibartarrak emaitza bikainak lortu ditu, beste behin ere, Zientzia Olinpiadetan. Lehenik, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako Euskal Zientzia Olinpiadetan hartu zuen parte. Bost materia hartzen ditu barne txapelketak: Biologia, Geologia, Matematika, Fisika eta Kimika. Hijano azken bietan lehiatu zen, eta bi domina irabazi zituen: urrezkoa Fisikan eta zilarrezkoa Kimikan. Euskal Zientzia Olinpiaden edizio honetan, 31 zentrotako 190 ikaslek hartu dute parte. 

gillermo hijano dominegaz elgoibar v1Lortutako emaitzei esker, Espainiako Fisika eta Kimika Olinpiadetan parte hartzeko sailkatzea lortu zuen. Kimikakoa Alcala de Henaresen (Madril, Espainia) jokatu zen eta zilarrezko domina lortu zuen. Lehen hiru sailkatuek urrezko domina lortu zuten eta hurrengo hirurek zilarrezkoa, horien artean azken domina izan zen Gillermo Hijanorentzat. Nazioarteko Kimika Olinpiadetan parte hartzeko txartela, baina, lehen lau sailkatuek lortu dute, eta momentuz ordezkoen artean dago ikasle elgoibartarra (ikus sailkapena –PDF-).

Espainiako Fisika Olinpiada, berriz, Sevillan jokatu zuten. Lehen hamar sailkatuek urrezko domina jaso zuten eta 10. postutik  30. postura artekoek zilarrezko domina. Azken horietako bat jaso zuen Guillermo Hijanok (ikus sailkapena -PDF). 

Une honetan batxilergoko bi urteak ikasturte berean egiten ari da Guillermo, IES Mutriku BHI ikastetxean, aurrez bere anaia zaharragoak, Albertok, egin zuen moduan. Bata zein bestea aritu dira azken urteetan Zientzia Olinpiadetan lehiatzen eta domina uzta oparoa eskuratu dute bien artean.

Lotura duten albisteak: