Idotorbeko VI. Cross Country txapelketarekin hasiko dira, domekan, San Pedro jaiak Idotorbe auzoan. Euskadiko eta Nafarroako Cross Country Motor Txapelketako proba puntuagarria antolatu du Urnobitza kirol taldeak, Elgoibarko Udalaren eta Udal Kirol Patronatuaren babesarekin. Egiaztapenak 09:30etik 10:30era bitartean egingo dituzte Idotorbeko plazan, bertan jarriko dute-eta paddock-a. 11:00etan errekonozimendu itzuli bat emango dute pilotu guztiek, eta 11:30ean hasiko da lasterketa. Partaideek hamar kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute Idotorbe eta Saturixo bailaretan barrena. Gehienez bi ordu izango dituzte proba amaitzeko. Idotorbe inguruko zelaietan pilotuak gertutik jarraitzeko aukera izango dute ikusleek.
Antolatzaileek proba antolatu ahal izateko Udaletik jaso duten laguntza eta ibilbidea asako den lur jabeena ere eskertu dute.
•San Pedro jaiak uztailaren 3ra arte
Sanpedroek martitzenean izango dute jarraipena, jaien hasiera ofizialarekin. Eguaztenean, ekainaren 29an, izango da San Pedro Eguna, eta ohiturari eutsiz, sainduaren prozesioa egingo dute lehenik, eta meza nagusia ospatu gero.