Kolore Guztiak Elkarte interkulturala 2007an sortu zuten gizarte esparruan lan egiten duten zenbait profesionalek, besteak beste, etxerik gabe dauden edota bazterketa arriskuan dauden neska-mutilei laguntzeko. Erakundeen programa instituzionalek hemezortzi urtetik beherako gazteei eskaintzen diete babesa, eta adin horretatik gorakoekin lan egiteko jarri zuten martxan elkartea. Bi egitasmo nagusiren bidez eskaintzen du laguntza. Batetik, Euskal Herriko hainbat lekutan sei harrera pisu dauzka, tartean bat Mendaron. Horietan 18 eta 24 urte bitarteko gazteak daude. Bizilekua eskaintzeaz gain, lan integrala egiten du elkarteak bertan bizi diren gazteekin: formakuntza eskaintzen die, egunerokoan jarraipena egiten diete, e.a. Beste alde batetik, badago bigarren egitasmo bat, kalean bizi diren gazteei zuzendutakoa. Kasu honetan, informazioa ematen zaie eta beren egoeraren inguruko jarraipena egiten da.
•Umeentzako ekintzak
Mendaroko harrera pisuko hezitzaileek eta gazteek Kolore Guztiak Elkarte ezagutarazteko jaia antolatu dute zapaturako. 11:00etan hasiko da jaia Mendaroko Herriko Enparantzan. Herriko umeentzako hainbat ekintza antolatu dituzte, besteak beste, kamisetak serigrafiatzen ikasteko ikastaroa, arabiar izendegiari buruzko tailerra edo aurpegiak margotzea.
- Kolore Guztiak Elkarteri buruzko informazio osoagoa koloreguztiak.org webgunean.