Lasterketa Bertikalen Kopako azken probara lidergoan ailegatuko dira Murua eta Lendinez

Barren.eus 2016ko urr. 10a, 15:56

Anbotoko kilometro bertikala jokatu zen zapatuan, Lasterketa bertikalen Euskal Herriko Kopako azken aurreko proba. Aitor Osa itziartarra izan zen azkarrena gizonezkoetan eta Iñigo Lariz eta Iban Murua elgoibartarrak sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren. Ainhoa Lendinezek, berriz, laugarren postua eskuratu zuen emakumezkoetan.

Anbotoko Kilometro Bertikalaren 9. aldia jokatu zuten zapatuan, urriaren 8an. Guztira 244 antxitxikarik parte hartu zuten eta Aitor Osa izan zen guztietan azkarrena. Osak jarraian lortzen duen hirugarren garaipena eskuratu zuen. Arrazolako elizatik Anboto mendiko tontorreraino dauden 3,8 kilometroko ibilbidea 39 minutu eta 12 segundoan osatu zituen. Iñigo Larizek egin zuen bigarren denborarik onena (40:27) eta Iban Murua sailkatu zen hirugarren postuan (41:10).
Emakumezkoetan Maria Zorroza gernikarra izan zen azkarrena, 47:48ko denborarekin. Oihana Azkorbebeitiak egin zuen bigarren (51:34) eta Maider Frailek hirugarren (51:54). Ainhoa Lendinez elgoibartarrak laugarren postua eskuratu zuen, 52:26ko denborarekin. (ikus IX. Anbotoko Kilometro Bertikaleko sailkapenak)

• Elgoibartarrak Kopako lidergoan
Kilometro Bertikalen Koparako proba puntuagarria da Anbotokoa, azken aurrekoa, hain justu ere. Bost probak osatzen dute Kopa eta hiru emaitzarik onenak hartzen dira kontutan azken sailkapenerako. Une honetan bi elgoibartar daude Kopako sailkapen nagusiko lehen postuan: Iban Murua, gizonezkoetan; eta Ainhoa Lendinez, emakumezkoetan. Muruak 578 puntu ditu, Zegamako kilometro bertikala eta Azpeitiko Zuzenien proban lortutako garaipenei esker eta Anboton lortutako hirugarren postuari esker.
Ainhoa Lendinezek, berriz, 546 puntu pilatu ditu, Zegamako eta Azpeitiko proban lortutako bigarren postuei esker, bereziki.
Aratz-Araiako kilometro bertikala izango da Koparako azken proba puntuagarria, urriaren 23an. Ainhoa Lendinezek aurreratu duenez, ezin izango du azken proba horretan parte hartu. Hortaz, lehiakideen emaitzen zain egon beharko du.
Lasterketa bertikalen Euskal Herriko Kopa

  1. Defi du petit train de la Rhune (maiatzak 7)
  2. Zegama KB (maiatzak 20)
  3. Zuzenien KB (maiatzak 29)
  4. Anbotoko KB (urriak 8)
  5. Aratz-Araia KB (urriak 23)

anboto km bertikala ainhoa lendinez elgoibar

anboto km bertikala inigo lariz elgoibar∞Lotura duten albisteak: