Ingelesezko mintzapraktika egitasmoko taldea handitu nahi du liburutegiak

Barren.eus 2017ko urt. 25a, 13:24

Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegiko arduradunek jakinaraz dutenez, ingelesezko mintzapraktikak egitasmoari bultzada berri bat eman nahi diote, eta taldea handitzeko deialdia egin dute.

Ingelesez hitz egiteari eta beste hizkuntza batean ideiak azaltzeari beldurra galtzea da ingelesezko mintzapraktikak egitasmoaren helburua liburutegiko arduradunen esanetan. “Helburua ez da ingeleseko eskolak jasotzea, guk dakigun ingelesa giro lasai batean erabiltzea baizik. Horrez gain, ingelesa hobetzeko aukera izango dugu, liburutegian dagoen materiala erabiliz: hizkuntza metodoak, irakurgai mailakatuak, ikus-entzunezkoak, eta beste hainbat material”, azaldu dute. Ekimena ingeles maila altua duten lagunei dago zuzenduta eta 16 urte baino gehiago izan behar dituzte.
Orain dela hilabete batzuk jarri zituzten martxan ingelesezko mintzapraktikak. Hainbat urtean Londresen bizi izan den Diana Rodriguezek gidatzen ditu saioak, ostiralero, 18:00etatik 20:00etara. Hamabost lagun daude izena emanda, baina zazpi edo zortzi joaten dira batez beste saioetara. “Lagun gehiago animatzen badira, saioak eraginkorragoak izango direla uste dugu, eta horregatik egin dugu taldea handitzeko deialdia”. Interesatuek liburutegian eman dezakete izena. Era berean, ingelesa ikasten hasiberriak direnentzako mintzapraktika saioak antolatzeko eskaria ere badutela azaldu dute eta ari dira aukera hori aztertzen.

• Maider Galarza ipuin kontalariaren saioa, gaur
Maider Galarza ipuin kontalariak Lehen Hezkuntzako (LH1, LH2 eta LH3) umeentzako saioa eskainiko du gaur (urtarrilak 25) Gotzon Garate Udal Liburutegian. 17:30ean hasiko da saioa.

maider galarza ipuin kontalaria elgoibar liburutegia