Kadete, jubenil eta junior mailako atletentzako pista estaliko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten, joan den asteburuan, Donostiako Belodromoan. Mintxeta Atletismo Taldeko hainbat ordezkarik hartu zuten parte txapelketan eta emaitza onak eskuratu zituzten. Jubenil mailan lehiatu ziren Nerea Sasiainek eta Martin Hernandezek urrezko dominak irabazi zituzten 400 metroko lasterketan. Sasian izan zen azkarrena nesketan, 59 segundo eta 76 ehuneko denborarekin. Nahia Gutierrez (1:01.92) sailkatu zen bigarren postuan eta Nahia Vicentek (1:02.60) egin zuen hirugarren. Mutilen proban Martin Hernandez izan pistari buelta osoa ematen azkarrena, 52.26ko denborarekin, Gorka Azurmendik (52.55) egin zuen bigarren eta Ander Orus (53.81) sailkatu zen hirugarren postuan. Mintxeta taldeko Ander Armendia (54.49) elgoibartarra sailkatu zen seigarren postuan.
• Espainiako txapelketa Sabadellen
Egin zituzten denborei esker, pista estaliko Espainiako txapelketa jokatzeko gutxieneko marka lortu dute bai Sasiainek eta baita Hernandezek ere. Sabadellen jokatuko da martxoan.
Jubenil mailako 60 metroko abiadura proban ere hiru ordezkari izan zituen Mintxetak. Iosu Sanchez eta Marcos Rodriguez, batetik, eta Eider Iglesias, bestetik. Azken honek zazpigarren postua eskuratu zuen.