Elgoibarko Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako 45 ikasleek Udalbatza berezian aurkeztu dituzte gaur, herriko bioaniztasuna lantzen ibili ostean atera dituzten ondorio nagusiak, eta baita euren eskaera eta proposamenak ere. Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek erantzun dituzte ikasleek eginiko galderak. Hala ere, aipatu behar da Meka, Arreiturre institutua eta IMH ikastetxeek ere parte hartu dutela proiektuan. Debabarrenako Eskola Agenda 21 Ingurugela eta Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean egiten da. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.
Besteak beste, erleen desagertzeak ingurumenean eta ekonomian ondorioak izango lituzkeela-eta, erlategiak sustatzeko proposamena egin diete ikasleek Elgoibarko Udalari. Ikasleek eginiko proposamena Debemenera, eskualdeko landa garapen elkartera bideratu duela azaldu du Ane Beitiak."Landa garapenetik sustatu beharreko jarduera da, erlezaintzako plan berezia eginez eta abian jarriz, eta erleak zaintzen dituztenei diru laguntzak emanez. Gure aldetik, balkoietan loredun landareak jarriko ditugu, eta hauek zaintzeko produktu kimikorik ez dugu erabiliko", esam du.
Lantegietako horma zikinak berritzeko beharraz ere mintzatu dira ikasleak udalbatzarrean, eta graffitiekin edo muralekin apaindu daitezkeela proposatu dute, gazteen laguntzarekin.
Udala ados agertu da proposamenarekin, baina bi baldintza bete behar direla ohartarazi dute. Batetik, jabearen edo jabeen baimena eta bestetik, bozetoa edo irudia aldez aurretik adostea. Halere, egon litezkeen zailtasunak ere nabarmendu dituzte, diru kontuak eta mantenua, besteak beste.
Moru, Olaso eta Idotorbe guneei buruzko Paisaia plana ere izan dute hizpide ikasleek eta agintariek. Momentuz, diagnosia egin dela eta ekainaren 1ean aurkeztuko dituztela planaren lerro nagusiak eta ekintzak aurreratu du Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak. Planaren prozesu guztian Morkaiko mendi taldearen laguntza ezinbestekoa izaten ari dela jakinarazi du. "Zuek moduan, Moruko tontorra pinuz garbitzea, gune txikiago baten bertako zuhaitzak landatzea eta gunea balioan jartzea eskatzen zuten Morkaikokoek", azaldu du. Era berean, Moruko brontze garaiko harresia balioan jartzeko hainbat proposamen egin dizkiela arkeologo batek gaineratu du.
Zauritutako animalientzako gotorlekuak eraikitzeko proposamena ere egin dute ikasleek. Gaur egun zauritutako animaliei babesa ematen dien elkarte dezente daudela erantzun diete udal ordezkariek eta horien berri eman diete. Ildo berean, animalientzako gune bereziak egiteko beharraz ere ohartarazi dute ikasleek. Animalientzako bide edo zubiak egin, kabi kutxak ezarri edota animalientzako jantokiak zenbait lekutan jartzea proposatu dute.
Errekak eta ibaiak zaindu eta garbitzeak duen garrantzia ere azpimarratu dute gazteek. Eta mendiguneak zaindu eta errespetatzeko beharraz ere egin dute berba.
- Hona hemen ikasleek landu eta aurkeztu dituzten gai guztiak -PDF-