Telebistan egiten ari den ibilbideagatik ezagunagoa da gaur egun Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra. Gabon Zaharreko kanpaiak ere emango ditu Euskal Telebistako bi kateetan, Mikel Pagadirekin eta Sara Gandararekin batera, Mundakako Santa Katalina bazelizatik zuzeneaen eskainiko duten saioan.
Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondartea jasotzen diharduen ahotsak egitasmoan adineko herritarren testigantzat dira nagusi ahotsak.eus web orrian, baina gazteagoen lekukotzak ere badituzte jasota. Zuhaitz Gurrutxaga Loiolak (Elgoibar, 1980) bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen dituen bideo mordoxka daude. 15 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Wenbley futbol zelaian jokatu zuenekoa da horietako bat. Ander Aranzeta eibartarrak eta berak osatu zuten defentsa. Iker Casillas atezainaren debuta ere orduan izan zen, baina Errealeko atezainaren ordezko gisa. Gainera, Espainiako selekziora C.D. Elgoibarreko jokalari zela joan zela nabarmentzen du Gurrutxagak, Elgoibarko futbol taldeak mendeurrena ospatzeko antolatu zuen jaialdian -Gurrutxagak aurkeztu zuen- gogora ekarri zuen moduan.
"Wenbleykoa bizitzan eta futbolean lortu ditudan gauzetatik kuriosoena eta politinetakoa izan da, batez ere Elgoibarren jokatzen nengoelako. Mintxetan jokatzetik Wenbleyn jokatzera... Elgoibarko entrenatzaileak ez zidan laga entrenatzen, ezta jokatzen ere, minik ez hartzeko", dio bideoan.