'Euskara ala ezkara, Elgoibartik Euskal Herrira' izeneko web atari berria aurkeztu berri dute. Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Gotzon Garateren oroimenez elkarlanean zikloak antolatu dituzte 10 urtez eta horietan pilatu diren pentsamenduak eta diskurtsoak jaso eta bildu dituzte. Gaur aurkeztu dute hain zuzen ere, horiek guztiak gizarteratzeko baliagarria den web ataria Ane Beitia alkateak, Iñaki Konde Elgoibarko Izarrako presidenteak eta Gotzon Barandiaran ataria garatu duen Digitalidadea enpresako teknikariak.
Elgoibarko Udalak, 2009an euskara arloko ikerketa bultzatzeko eta bide batez Gotzon Garate idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko, bere izeneko beka sortu zuen. Elgoibarko Toponimiari buruzko ikerketa izan zen lehenengo deialdikoa. Bigarrenean, 2014an, berriz, Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzea izan zen helburua eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria.
Oraingoan, ez zen bekara inor aurkeztu baina lanaren garrantzia ikusita enkargatu eta Euskara ala ezkara zikloek hamar urteotan emandakoa jendearen esku jartzeko www.euskaraalaezkara.eus helbidepean ipini dute abian atari berria. Udalak finantzatuta, Dijitalidadea enpresak egin du lana Elgoibarko Izarrarekin eta Udalaren Euskara Sailarekin elkarlanean. "Gonbidatu behar dugu jende guztia atari horretan sartzen gure hizkuntza, kultura eta ekintzak plazaratu eta zabaltze aldera komeni zaigu-eta", esan du Ane Beitia alkateak.
2008an hasi ziren zikloak antolatzen eta elgoibartarren euskaltasuna sustatzea izan dute helburu nagusi. Hamar urtez, udazkenean, euskarari eta euskal kulturari lotutako gaiak plazaratu dira. Urte hauetan guztietan zikloetan parte hartu dutenak 40 gonbidatu baino gehiago izan dira hizlari, musikari, idazle, bertsolari eta abarrak kontuan hartuz. Iñaki Konde Elgoibarko Izarrako presidentearen esanetan, "horiek denak gurean lagatakoa Euskal Herriaren eskuetan jartzea da atari honen helburua. Horregatik, Elgoibartik Euskal Herrira". Gaineratu du orain artekoa jasota gelditu dela eta hemendik aurrera sortuko denarekin ere berdina egingo dela. "Hainbeste maite zuen euskaltasuna lau hjaizetara zabaltzen eman zuen bizitza Gotzonek eta bere heriotzaren 10. urteurrena, gaurko eguna (2008ko urriaren 8an hil zen) mugarri egokia begitandu zaigu web atari hau prestatu eta plazaratzeko".
Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaranek web atariaren nondik norakoak erakutsi ditu gero. Herritarren ekimenetik irtendako Elgoibarko Izarraren eta Udalaren arteko elkarlana azpimarratu eta zoriondu du."Euskalgintzan eta kulturgintzan gakoa elkarlan hori izan beharko litzateke eta emaitzak besteak beste webgune honek erakusten ditu", esan du Barandiaranek. EHUko ikerketa talde baten hitzak hartuz esan du euskararen eta kulturaren inguruko sozializazioa epe hurbilean digitala izango dela sare sozialen edo horrelako atarien bidez eta oso garrantzitsua dela gaurdanik eskaintzea aurkeztu dena bezalako guneak. Guk internet euskarazko edukiz inundatu behar dugula eta euskaldunak ahalegindu behar gara ez dezan egin ahaleginik euskal kulturaren eduki bila joateko baizik eta eduki dezala eskura etengabe. "Altxor bat da azken 10 urteotan maitasun eta mimoz antolatutako jardunaldiak horrela jasotzea. Hau ere sozializaziorako bitarteko bat da eta transmisioaren etena gainditzen ere lagunduko du. Egiten dugun hori ezin da galtzen utzi eta sozializatzeko sarean izatea ezinbestekoa da gaur egun", gaineratu du. Esan du, gaur egun oso udal gutxi ari dela Euskal Herrian bere ondare inmateriala (kultura, hizkuntza, jendeak esaten duena...) gordetzen eta zaintzen eta hori Elgoibarren bilduta dagoela eta honek ematen duela sekulako aukera transmisiorako erabiltzeko, ikastetxeetan, euskaltegietan, aisialdi taldeetan, herritarrek nahi dutenean eskura dutelako.
Webgunean sartu bezain laster ikus daiteke ataria bera zer den eta zertarako den, baita edukiak ere: zikloak, hitzaldiak, gonbidatuak, aurreko jardunaldiak zein aurtengoak eta baita Gotzon Garateri buruzko informazio osatua ere. Idatzizko zein ikus-entzunezko edukiak jaso ditu atari honek eta bertan sartu ahala informazio ugari jasoko dute euskal kulturarekiko interesa dutenek. Aurreko jardunaldi bakoitzak bere gunea izango du gune nagusiaren baitan eta atal batetik bestera pasatzeko aukera izango da esteken bitartez. Era berean jaso dira urteotan parte hartu duten guztien izen, irudi eta nondik norakoak. "Denak batera ikusten ditugunean ohartzen gara zikloetara ekarritakoak ez direla edozein eta horrek erakusten du zein dimentsio izan dezakeen honek Elgoibar mailan ezezik Euskal Herri eta mundu mailan ere".
Edozein herritarrek erraz erabiltzeko moduan sortu dute ataria eta gaur aurkeztu bada ere aurrerantzean edukiak gehitu eta moldatu egingo dituzte bai urtean urtean zikloei buruzko informazioa emanez zein orain artekoak osatuz eta elikatuz. Beraz, herritarrak gonbidatu dituzte webgunea bisitatzera eta urteotan egindakoa ezagutzera aurrez jaso ez badute edo berriz jaso nahi badute.