Mendaroko herriari dagokion edozer marraztu behar zuten Mendaroko Udalak antolatu zuen Margo lehiaketako parte hartzaileek, eta hiru ordu izan zituzten margolanak amaitzeko eta epaimahaiari aurkezteko. Aitor Etxeberriak eta Aitor Sarasketak osatutako epaimahaiak Eduardo Alsasuak aurkeztutako margolanari eman zion lehen saria (600 euro). Gasteizko margolariak aurrez ere irabazi du Mendaroko lehiaketa, 2015eko ekitaldian gailendu zen. Bi akzesit ere banatu zituen epaimahaiak, biak 300 euroko sariarekin. Eibarko Esteban Orozek jaso zuen bata eta gasteizko margolari Lucio Fernandezek bigarrena.
Gaztetxoen mailan, Lea Lazarobaster elgoibartarrak aurkeztutako lana saritu zuten lehen sariarekin eta Belauntzako Irati Etxegoinek jaso zuen bigarren saria. Marrazketarako materiala jaso zuten saritzat.
Helduen mailan 12 lagunek hartu zuten parte eta 14 urtetik beherakoetan 11 izan ziren parte hartzaileak, horietako bi mendaroarrak. Orotara, 13 emakumek/neskak eta 10 gizonek/mutilek hartu zuten parte. Aurten ere leku askotariko parte hartzaileak izan dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. "Belauntza, Ermua, Elgoibar, Medard (Frantzia), Bilbo, Leaburu, Ibarra, Gasteiz, e.a."
• Erakusketa
Aukeratutako lanekin erakusketa antolatu du Mendaroko Udalak. Urriaren 12tik 21era bitartean egongo da irekita Lagun Betikoena elkarteak duen lokalean (12:00-14:00 eta 18:00-20:00), eta behin erakusketa amaituta, azaroaren 30a arteko epea izango dute parte-hartzaileek euren lanak jasotzeko. Hori bai, irabazlearen lana Udalak hartuko du jabetzan.