Candela Hernandezek "Go!azen" saioaren zalea dela azaldu zion Pello Reparaz aurkezleari, eta Mendaroko lagunen eta mendien falta igartzen zuela. Bederatzi urteko mendaroarrak bere eskola erakutsi eta ikaskideak aurkeztu zizkion aurkezleari, eta Rodo atrakzio parkera joan ziren elkarrekin. Uruguain bizi den arren euskara erabiltzen duela ere kontatu zion Candelak Pellori, Mendaroko lagunekin Skype bidez hitz egiteko. Mendaroko ikastolako lagunei mezua ere bidali zien mendaroarrak Eitb-ko kameren bitartez.
Bisitari amaiera emateko Begitara begira kanta abestu zuten Candelak eta Vendetta taldeko abeslaria ere baden Pello Reparazek.
Euskara eta musika ardatz hartuta, atzerrian bizi diren euskal hiztunak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du Euskalonski saioak. Montevideo hiriburuan aurkitu zituzten euskaldunekin, tartean Candela Hernandez, Loretxoa abestia ere kantatu zuten (ikus bideoa),
Euskalonski saioa irailean hasi zen eta audientzia datu onak lortzen ari dela jakitera eman du eitb-k. Nahieran ikus daitezke osorik orain arte eman dituzten atalak.