Gipuzkoako txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko du Iker Izagirre pilotariak Ikastolako frontoian

Barren.eus 2018ko abe. 14a, 11:22

Gipuzkoako errendimendu txapelketan zortzi pilotaririk onenen artean sailkatzea lortu du Lagunak Pilota Eskolako Iker Izagirrek. Final-laurdenetako partida jokatuko du gaur Ikastolako frontoian.

Alebin mailako Gipuzkoako pilotari onenak lehiatzen dira eskuz banakako Gipuzkoako errendimendu txapelketan eta final-laurdenetako kanporaketak jokatuko dituzte asteburu honetan. Sailkatzea lortu duten zortzi pilotarietako bat da Iker Izagirre (Elgoibar, 2007). Lagunak taldeko ordezkariak Oier Osa oƱatiarra kanporatu zuen final-zortzirenetako kanporaketan.

Final-laurdenetako kanporaketan Unax Madina izango du aurkari, Beasaingo Murumendi Pilota Eskolako ordezkaria. Gaur (abenduak 14) jokatuko dute elkarren aurkako partida, Ikastolako frontoian, 19:00etan hasita.

Txapelketa honetan, 4. koadroaren barruan jokatzen dute pilotari gaztetxoek, pilota goxuarekin. Oterorenak dira darabiltzaten pilotak eta federazioaren zigilua daramate. Bi joko irabaztera jokatzen dute, 8 tanto irabaztera bakoitza. Berdinketa hausteko hirugarren jokoa 4 tantotara jokatzen dute.