Xakearen astea izan da azken hau Elgoibarren, lau xake txapelketa jokatu baitituzte. Joan den eguenean amaitu zen 2200 elo azpiko xakelarientzako Danobat Irekia. Isidro Ruiz arrasatearra gailendu zen zazpi jardunaldi eta ia hiru hilabeteko lehiaren ostean.
Zapatuan, berriz, ITS Security Irekiaren estreinako ekitaldia jokatu zuten 50 xakelarik Kultur Etxean. Xakeko maisu handiek xakelari afizionatuen aurka lehiatzeko aukera izan zuten, eta Paul Veltenek irabazi zuen txapelketa. Hanoin, Vietnamen, jaioa da Velten, baina bederatzi urterekin Baionara etorri zen bizitzera, eta harrezgero Euskal Herriko xake taldea ordezkatu izan du eta Donostiako Gros Xake Taldeko kidea da gainera. Orain 25 urte ditu eta Parisetik gertu bizi da. Egungo Euskal Herriko xake txapeldunak, Mikel Huerga nafarrak, eskuratu zuen bigarren postua eta Nicola Napoli italiarra eta Aleksa Strikovic serbiarra sailkatu ziren, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postuetan (ikus sailkapen nagusia). Txapelketa honetan parte hartu zuten zenbait xakelarik abenduaren 12an hasi zen ITS Security 28. Elgoibarko Maisu Handien Nazioarteko Xake Txapelketan ere hartu dute parte, Paul Velten, Aleksa Strikovic, Mikel Huerga eta Carlos Suarezek, esaterako.
• Paul Velten nagusi Nazioarteko Xake Txapelketan
Gaur bukatu da, hain zuzen ere, Elgoibarko Nazioarteko Torneoa. Hamar xakelari aritu dira lehian eta Paul Veltenek eskuratu ditu puntu gehien, 6,5. Veltenek Elgoibarko txapelketan parte hartzen zuen hirugarren aldian jantzi du irabazlearen txapela. Aleksa Strikovic sailkatu da bigarren, 6 punturekin. Javier Moreno espainiarra sailkatu da hirugarren postuan, 5,5 punturekin eta 2016ko txapelketa irabazi zuen Michael Oratovsky sailkatu da laugarren postuan. Txapelketa hau irabaztea zer den dakien beste xakelari batek lortu du bosgarren postua, 2009ko irabazle Mikel Huergak. Torneoko emakumezko bakarra izan da seigarren, Karina Ambartsumova errusiarra (ikus hemen sailkapen osoa)
• Eskolarteteko xake txapelketako irabazleak
Eskolarteko xake txapelketa ere jokatuko zuten domekan (abenduak 16) Kultur Etxeko sotoan. Hamar urtez azpikoetan Hodei Agirrek irabazi zuen, Beñat Cearsolo gailendu zen hamabi urtez azpikoen mailan eta Haritz Iriondok irabazi zuen hamalau urtez azpikoen txapelketa. Gaur jaso dituzte sariak, Nazioarteko Xake Txapelketako sari banaketa ekitaldian.