107 igerilarik 153 kilometro osatu zituzten Fibrosi Kistikoaz gaixo daudenen alde

Barren.eus 2018ko abe. 18a, 21:15

Fibrosi kistikoa gaixotasuna dutenei laguntzeko elkartasun ekitaldia egin zuten joan den zapatuan Olaizagako igerilekuan. Elgoibar eta inguruko herrietatik etorritako 107 igerilarik hartu zuten parte eta 153 kilometro egin zituzten igerian guztien artean. Elgoibarko Igeriketa Taldeko kideak pozik daude ekimenak izan zuen harrerarekin.

Ezezaguna den gaixotasun hau ezaguratazteko asmoz, Fibrosi kistikoaren alde igerian elkartasun ekitaldia antolatu zuten Elgoibarko Udalak, Udal Kirol Patronatuak, Igeriketa Taldeak, Master Taldeak eta Sanlok, FQ Arnasa elkartearekin batera.

Joan den zapatuan, 17:00etatik 19:30ak bitartean, egin zuten ekimenean 107 lagun aritu ziren igerian, txandaka. Parte hartzeko ez zuten sarrerarik ordaindu behar, baina borondatea emateko aukera jarri zuten antolatzaileek eta 518,13 euro batu zituzten era horretan. Era berean, Sanlo eskubaloi taldeak beste 368 euro batu zituen Alcorta Forging Group taldeak Zaragozako Maristas taldearen aurka zapatuan jokatuko zuen partidan saldu zituzten errifekin. Batutako dirua, 886,13 euro orotara, FQ Arnasa elkartearentzat izango da.

2018 12 15 fibrosi kistikoa elgoibar igerian olaizaga

2018 12 15 fibrosi kistikoa igerian olaizaga elgoibar 1

2018 12 15 sanlo elgoibar fibrosi kistikoa alde dirua