'Dantza' filma emango dute asteburuan Elgoibarren

Barren.eus 2019ko urt. 30a, 21:01

Barixakuan hasita, Dantza filmaren hainbat emanaldi izango dira Elgoibarko Herriko Antzokian datozen egunetan. Abenduaren 21ean estreinatu zuten Telmo Esnalen Dantza Euskal Herriko zinema aretoetan, eta ordutik harrera beroa izan du. Filmean Haritz Euskal Dantzari Taldeko hamabost dantzarik parte hartu dute.

Dantza filma barixakuan (21:30), zapatuan (19:00 eta 22:15), domekan (19:00) eta astelehenean (21:30) ikusteko aukera izango da, Herriko Antzokian. 

Euskal dantzak eta beren sinbologia ardatz dituen film musikala da Dantza. Naturaren, mitoen eta biziraupenaren inguruko istorioa da Telmo Esnal zinegileak ondutako lana, eta euskal gizartearen argazki izan nahi du, horretarako dantza tradizionalak erabilita.
Donostiako 66. Zinemaldian aurkeztu zuten filma, Sail Ofizialean, baina lehiatik kanpo. Hortik hiru hilabetera estreinatu zen Hego Euskal Herrian, abenduaren 21ean, eta ikus-entzuleak erakartzen jarraitzen du.

2018 09 14 haritz dantza elgoibar Dantza filma leitza 1