Etxegiña taldekoak 9:00etan batu dira bolatokian, eta bi taldetan banatuta koplatuko dute herria. Urazandiko La Union elkartean egin dute bat bi taldeek hamaiketakoa egiteko, eta handik San Lazaro egoitzara joan dira. Zahar etxean abestu ondoren atera dira eguneko lehen eguzki izpiak eta ospatu eta dena egin dute zenbait kidek. Ateri eutsi dio eta aterkiak itxita jardun dute santa eskean goizeko bigarren zatian. 14:00ak alderako Errosario kaleko Ama Birjinaren oinetara batu dira. Egun guztian moduan orain gutxi zendu den Jesus Urizar izan du gogoan Kepa Urainek amabirginaren azpian kantatu dituen bertsoetan. Urainekin batera koplari nagusia izan zen Urizar hainbat urtean. Amaieran, Baltasar elkartean bazkalduko dute Etxegiñakoek.
Etxegiñak German Uriguen Etxegiñari zor dio taldearen izena, bera hasi baitzen 1925ean kaleko Santa Ageda eskearekin Elgoibarren. Ermuan jaio zen, gaztetatik zaletu zen bertsotara eta bere bertsorik ezagunena, gaur egun oraindik abesten den salbea da, 17 urterekin lehen aldiz Ermuan kantatua. 1980ra arte aritu zen koplari eta 1981ean Kepa Urainek hartu zion lekukoa.