Pasaiako Udaleko Berdintasun arduraduna, sexologoa eta Naizen Elkarteko kidea den Aitzole Aranetak gidatuko du Elgoibarren egingo duten formazio saioa. Haur eta gazteen transexualitate egoerak: sexu aniztasunaren balioa izenburupean, transexualitate egoeran dauden adingabeko haur eta gazteek bizi duten egoera ulertzeko ezagutza, erreminta eta estrategiak laduko dituzte, besteak beste. Formazio saio honi esker gazte hauen gizarteratzean beharrezkoak diren balioak eskuratuko dituzte gurasoek, familian, hezkuntzan eta aisialdian erabilgarri izango direnak. Saioak helburu zehatzak ditu: Giza izate sexuala ezagutzera ematea, kontzeptu sexologiko orokorrak barneratzea eta transexualitatea ulertzeko kontzeptu egokiak eskuratzea.
Kultur Etxeko sotoan izango da saioa, barixakuan (otsailak 8), 18:30etik aurrera.