Aita Agirre kulturgunea maiatzean funtzionamenduan egotea aurreikusten du Udalak

Barren.eus 2019ko ots. 20a, 15:22

Aita Agirre Kulturgunea berritzeko lanak bisitatu dituzte, gaur goizean, Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Kulturako Diputatu Denis Itsasok. Bisitan jakinarazi dutenez, apirila hasierarako lanak bukatuta egotea aurreikusten dute, eta maiatzean funtzionamenduan egotea.

Aita Agirre kulturgunea eraikitzeko proiektuak 3 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 510.000 euro jarri ditu eraikina finkatu, eraberritu eta zaharberritzeko obrak egiteko. Hori dela eta, Aldundiko zenbait ordezkarik, Denis Itsaso Kulturako Diputatua buru, eraikinean egiten diharduten lanak bisitatu dituzte gaur goizean. 

Ane Beitiak adierazi du oso gutxi falta dela Aita Agirre espazio soziokultural erreferente bihurtzeko, "ez bakarrik Elgoibarren, baita eskualde mailan ere", zehaztu du. Alkatearen berbetan, erabilera askotariko espazioa izango da, moldagarria, instituzioen elkarlanetik jaiotakoa eta herriko elkarteek adierazitako beharrizanetara egokitutako lanaren emaitza. Era berean, Beitiak esan du kanpoaldean, plaza berrurbanizatzeko lanak martxan direla, oinezkoei espazio gehiago eskainita. Honez gain, umeen jolas gunea ere berreraikiko dute, joko berriak izango dituen beste espazio bat sortuz eta erdigunean aparkatzeko 74 aparkaleku plazak mantenduz.
Denis Itxasok proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta, eraikinak izango duen balio aniztuna, malgua, modernoa eta funtzionala goraipatu du. "Gure ondarea zaintzen jakin behar dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman behar diogu, hori baita gure ondarea zaintzeko modu bakarra; proiektu hau jokabide horren adibide argia da. Elgoibar herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude; beraz, elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea" esan du.
Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Mauxitxa txarangak entseguetarako erabiliko dute beheko solairua, akustika ona duen gunea dela-eta. Erabilera askotariko bi areto ere izango ditu eraikinak, erakusketak jartzeko eta kultura ekintza ezberdinak antolatzeko, behe solairuan eraikiko den Kafe Antzokiarekin lotuta.
Lehenengo solairuan hitzaldi areto bat jarriko dute, eta bertatik eraikinaren terraza berrira eta Euskara, Kultura eta Gazteriako udal sailetara sartu ahal izango da.
Bigarren solairuan liburutegi "moderno" bat jarriko dute. Azkenengo solairuan, teilatupean, Debabe udal euskaltegia kokatuko da, eta baita Elgoibarko Izarra elkartea ere.

2019 02 20 aita agirre obrak elgoibar bisita denis itxaso

2019 02 20 aita agirre obrak elgoibar bisita denisitsaso liburutegia 1

2019 02 20 aita agirre obrak elgoibar bisita denisitsaso barrua liburutegia

2019 02 20 aita agirre obrak elgoibar bisita denisitsaso barruan

∞ Lotura duten albisteak: