Andoni Segundok Elgoibarko herriguneko espazio publikoan dauden zuhaitz espezieak identifikatu eta liburu batean jaso ditu. 65 bat espezie desberdin aurkitu ditu Elgoibarren. Hostoak identifikatzeko gako dikotomikoak, zuhaitzen euren kokapena, espezieen ezaugarriak eta beste hainbat datu kurioso jaso ditu liburuan. Gida didaktikoa da, ikastetxeetan erabiltzeko modukoa. Natur Zientzietako irakaslea izan da Segundo, eta betidanik izan du natur gaietarako zaletasuna.
Elgoibarko zuhaitzak. Gida eta sailkapen-gakoa liburuaren aurkezpena martxoaren 21ean egingo dute, 18:00etan, Kultur Etxean.
• Ikasleentzako lehiaketa
Elgoibarko Udalak argitaratu du Segundok idatzitako liburua eta herriko ikastetxeetan banatuko dute, LH, DBH, batxiller eta Lanbide Heziketako gela bakoitzean ale bat egon dadin. Gainera, ikasleen artean liburua erabiltzera bultzatzeko, eta zuhaitzen inguruko ezagutzarako grina sustatzeko asmoz, lehiaketa bat antolatu du Udalak. Liburuak "Bazenekien" izeneko atal bat du, hainbat galderez osatua. Atal hori erabiliko dute ikasleen artean (gelaka) lehiaketa martxan jartzeko.