Lan horretan, otsailaren 6tik 16rako egunak nola bizi izan zituzten gogoratu dute hiru protagonistak: gertatutakoaren berri nola izan zuten, eta hurrengo hamar egunak nolakoak izan ziren eurentzat. Nahia Sololuze, Alberto Sololuze hildako beharginaren alaba; Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna; eta Iñaki Petxarroman, 'Berria'ko kazetariaren berbak jasotzen ditu dokumentalak.
Euskadi Irratiak gertatutakoaren inguruan eman zuen lehen albistearekin hasten da dokumentalaren kontakizuna, eta 'Berria'k hamar egun geroago —2020ko otsailaren 16an— argitaratu zuen garraiolari baten testigantzarekin amaitzen da, zabortegiaren funtzionamendua azaltzen duen audio argigarri batekin. Egun horietako bizipenak jasotzea izan da 'Berria'ko multimedia mahaiko kideen helburua: gaia hain zabala izanik eta hain ondorio tragikoak izanik, hiru pertsona horien ahotik entzutea zer gertatu zen.
Berria TBko lantaldea Zaldibarren eta Azpeitian (Gipuzkoa) izan da dokumentala grabatzen, eta 25 minutuko ekoizpen bat da lan horren emaitza. Hiru protagonistek ikuspuntu desberdinetatik ikusi zuten egun horietan gertatutakoa, eta hala jaso dute dokumentalean ere. Honatx: