Geologia da Euskal Kostaldeko Geoparkeko paisaiaren egiazko protagonista, Lurraren historia gordetzen duelako. Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Geoparkea, eta lehen begiratuan itsasertzetik barrurantz dauden zelai eta basoak nabarmentzen badira ere, “leku honen interes benetakoa erraietan dago”, barnealdean. Uraren higadurak moldatutako paisaia da, kareharrizko mendiz inguratuta, balio natural handikoa. Eta hor, Geoparkearen erraietan, kokatzen du Leizarpe- Morkaiko espeleologia taldeak Mendaro. “Azpilgoeta lehen bezala Mutriku balitz, Aizkoltxo babestuta egongo litzateke karstaren ibilbidea hemen hasten delako”, dio Angel Maria Tobajas espeleologoak. “Etsita” dago, “Aizkoltxoren balioa aintzat hartzen ez delako”. Aizkoltxoren “maldizioa” 1927an hasi zela jaso dute Leizarpekoek. Garai hartan Jose Migel Barandiaran arkeologoak Aizkoltxoko aztarnategi arkeologikoaren berri eman zuen, baina topatutako piezak “garrantzi gutxikoak” zirela zabaldu zuen, eta interesa galdu zuen Aizkoltxok. 2003an, EHUko arkeologo talde batek eta Azkoitiko Munibe Arkeologia Taldekoek indusketa sistematikoak hasi zituzten kobazulo hartan, indusketa klandestinoak izan zirela ikusi zutelako eta arriskuan ikusi zutelako aztarnategia bera. Baina sasoi beretsuan ekin zioten inguru horretan industrialdea eraikitzeari ere, eta “setiatuta” gelditu zen Aizkoltxo.
2003an, berriz, Mendaron bigarren zubi bat eraiki ahal izateko proiektua aurkeztu zuen Mendaroko Udalak. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra moldatu beharra zuten, baina, horretarako eta Ekolur Ingurumen Aholkularitza enpresari eskatu zioten ingurumen txostena egiteko. Txostenean, hein batean, onartu zuten Aizkoltxoren balioa eta erreferentzialtasuna, baina aldi berean ingurua “isolatua” eta “degradatua” zegoela nabarmendu zuten, eta horrek bere balioa apaltzen zuela. 18 urte igaro dira ordutik, baina joan zen astean, aurreproiektuaren berri eman zuten udal aldizkarian, eta batzuek onurak ikusi dituzten lekuan arriskua ikusi dute besteek.
Leizarpe-Morkaiko espeleologia taldekoek aspaldikoa dute kezka. 'Bajo el suelo de Mendaro, por sus cuevas y simas' liburua argitaratu zuen Leizarpek 2018an eta han jaso zituzten Aizkoltxo babesteko arrazoi nagusietako batzuk, baina zerrenda handituz doa. Mendaron aurkitu duten bosgarren kobazulorik handiena Aizkoltxon dago [Aizkoltxo 3], eremu urbanoan, eta birjina da. Kobazuloan 300 bat metroan sartu dira barrura eta hareharrizko errekarri ugari topatu dituzte bertan. Hortik ondorioztatu dute Goikola erreka kobazuloan sartzen dela. Eta hain justu ere, kareharrizko errekarri berdinak topatu dituzte historiaurreko piezak agertu diren kobazuloan ere. Hogei bat metro gorago dago kobazulo hori, Deba ibaira begira, baina bietan errekarri berdinak topatu izanak erakusten du bi kobazuloak barrunbe bera direla; bi kobazuloak bat direla. Goiko kobazuloa “babestuta” dago, aztarna paleontologikoak aurkitu dituztelako bertan, baina behekoak, “kobazulo bera denak”, ez dauka gaur inolako babesik. Are, oraindik ikertu gabe dagoen beste kobazulo bat ere badago muino berean, lantegi baten lurretan. “Gogoan daukat Ekainen erreplika
Mutrikuko Astigarribia auzoan egitekoa zutela lehenengo, baina Jesus Altuna Aranzadiko orduko zuzendariak esan zuela erreplika bere ingurune naturalean eraiki behar zela, kobazuloa bezain garrantzitsua zelako ingurua. Irizpide bera aplikatu beharko genuke hemen, eta muino osoa babestu”.
• Lurrazpiko beste ur sare bat Aizkoltxo 3n
Hain justu ere, beheko kobazulo horretan, Aizkoltxo 3n, topatu dute berriki lurrazpiko beste ur sare bat Leizarpekoek. Liburuan aurreratu zuten kobazuloan ur markak atzeman zituztela Tobogan izeneko galeriako hormetan, hiru metroko altueran, baina pentsatzen zutela besterik gabe pilatuko zela ura hor noizbait. Baina, urtarrilaren 16an, egun euritsu batzuen ostean, egiaztatu ahal izan zuten lurrazpiko uren arrastoak zirela haiek, barrura sartu zirenean
urez beteta topatu zutelako beheko galeria. Orain garbi dute galeriak epifreatikoak direla; hau da, aldian-aldian urak hartzen dituela, lurpean urez betetako sifoiak daudelako eta euriteetan urak gora egiten duelako, Kilimoiko akuiferoan bezala. “Aizkoltxo kobazuloan ura egoteko kalkulatzen dugu lurrazpiko urak zazpi bat metroan egiten duela gora egun euritsuetan. Izan ere, Deba ibaia 10 metrora dago eta leizean 16 bat metrora egoten da ura. Urak altuera hori hartzen duenean Ebro leizearen ahotik gainezka egiten du errepidera”, esan du Tobajasek, eta ohartarazi du Kurutz Gain industrialdera doan errepide hori metro bat beherago eraiki izan balute, Lili galdaragintza eta inguruko beste pabilioi batzuk urak hartuko lituzkeela halako egunetan. 40 urtean baino gehiagoan ari dira Leizarpekoak lurrazpia esploratzen eta plan topografikoak eta hidrogeologikoak idazten. Mendaroko lurpeko errekak lokalizatu dituzte eta haien txostenei esker ezagutzen ditugu gaur Kilimon, Maala eta Tantorta iturburuak ere, gaur Debabarrenako lau herri hornitzeko ura ematen dutenak. Ibaiaren ezkerraldera, baina, Arnoko karstean, ez zuten gaur artean iturbururik topatu ibai ondoan. “Kolorazioak egin beharko ditugu orain iturburuak topatzeko eta ez da erraza izango, baina orain badakigu ur hori Aizkoltxoko lurpeko galerietatik pasatzen dela. Eta pentsa zer den ura, zer balio duen gaur urak eta zer balio izan dezakeen etorkizunean”.
Aizkoltxoren ezaugarriak zerrendatu dituzte Leizarpekoek, ezagutzen ez dena nekez baloratu ohi delakoan.
- Debabarreneko karstaren atea da Aizkoltxo muinoa. Mendaro Geoparkean sartuta balego, kareharriaren erreferentziazko muga litzateke Aizkoltxo, Flyscharen ibilbidean Zumaiako K/T muga dena [Muga honek Mesozoikoaren bukaera eta Zenozoikoaren hasiera markatzen du].
- Aizkoltxo muinoa aparteko elementua da Debabarreneko eta Mendaroko paisaje karstikoan. Deba bailararen erdian isolatuta dago, eta horrek oso berezia egiten du.
- Aizkoltxon dago arte kantauriarraren lehenengo basoa. Karstaren interpretaziorako parkea eraikitzeko leku aproposa da, karsteko elementu geologiko nagusiak eta ohiko flora behatzeko leku egokia izango litzatekeelako.
- Aizkoltxoko meandroa ekosistema karstiko apartekoa da, isolatua dagoelako. Hala ere, Deba ibaian barrena espezie asko sar daitezke bertara. Beste aldera, 634 errepide aldera, Goikola errekaren erretena dago. Goikola erreka errepide azpitik pasatzen da, eta korridore ekologiko bat da bere horretan, Goikola sakanarekin eta Arnoko Karstarekin lotzen duelako Aizkoltxo.
- Debabarrenean karstaren lurrazaleko fauna guztia atzeman den lehen lekua da Aizkoltxo eta haren barrunbeetan dauden ehunka metrotako galerietan izugarria da lurrazpiko fauna.
- Gotorlekua, babeslekua eta talaia izan zen antzinatean.
- Aizkoltxo muinoan Debabarreneko aztarnategi arkeologiko nagusietako batzuk daude, bai gainazalean bai haitzulo barruan, Mendarori nazioartean ospea eman diotenak.
- Aizkoltxo muinoa Debabarrenako lehen mailako elementu geomorfologikoa da, guztiz apartekoa, duela ehunka mila urte Goikolako sakana itxia eta itsua egiten zuelako. Horregatik, urek irteera bat bilatu zuten Aizkoltxo muinoko hustubide batetik eta haitzuloa zulatu zuten. Goikolako sakanetik datozen hareharrizko kantoi edo errekarri ugariek eta haitzuloen barruan aurkitzen ditugunek hala erakusten dute.
- Aizkoltxo haitzulo arkeologikoan eta aldameneko Aizkoltxo 3 haitzuloan agertutako hareharriek erakusten dute bi haitzuloak barrunbe beraren parte direla, eta beraz, Aizkoltxo 3k ere aztarnategi arkeologiko edo paleontologiko bat izateko aukera duela.
- Aizkoltxo haitzuloen barruan, Mendaroko leizeetako betegarri kuaternarioen kontzentraziorik handiena dago, 8 metrotik gorako lodiera izan dezakeena.
- Aizkoltxo 3 haitzuloaren azpitik igarotzen da Mendaro udalerriaren parean Deba ibaiaren ezkerraldean aurkitutako lurpeko uren sare bakarra, hau da, Arnoko Karstetik datorrena.
- Aizkoltxo 3 haitzuloan, eurite-garaian, Debabarrenako barrunbeetan eta ibai ertzean orain arte ikusitako uholderik handienak gertatzen dira. Fenomeno bitxia da, Karst barruko barrunbeetan ohikoa dena, baina ez iturburuetatik gertu dauden barrunbeetan. Edonola ere, Aizkoltxo 3ko lurpeko uren igoera horiek uholdeak eragin ditzakete bere ahoaren azpitik geratzen diren industria-pabilioietan, hau da: Lili galdaragintza, Created Medical, Gorosabel elektrizitatea, Maser mikroelektronika, Iraola arotzeria eta Intxusai jatetxea. Gainera, arrisku hori esponentzialki areagotuko litzateke Aizkoltxon aurreikusitako obra ugariak egingo balira, zalantzarik gabe kareharrien hausturak eta lurpeko uren ihesak eragingo dituztelako.