Zaporeak Gobernuz kanpoko erakundeakren ekimenez, janari bilketa solidarioa egingo dute apirilaren 12tik 17rako, Debabarreneko hainbat herritan, eta Elgoibarko Udalak ere bat egin du ekimen honekin. Herri bakoitzak produktu zehatz bat bildu beharko du, eta Elgoibarri Pedrosillano motako txitxirioak batzea egokitu zaio. Bilketa-gunea Merkatu Plazan jarriko dute, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Horrez gain, ikastetxeekin ere jarriko dira harremanetan, han ere produktuak jaso ahal izateko.
Ekimen honen aurkezpen publikoa astelehenean egingo dute, 17:30ean Merkatu Plazan bertan, eta besteak beste, Zaporeak taldeko sukaldariak, Lesbosen sukaldari jardun duen sukaldari bat eta Udaleko ordezkariak izango dira bertan.
• Erronka solidarioa
Zaporeak taldearen ekimen hau Eibarrek eta Ermuak hasi zuten, eta aurten Mallabia eta Egoibar batu zaizkie. Herri bakoitzak ahalik eta elikagai kilo gehien lortzea da erronka, Lesbosera bidaltzeko. Eibarrek pardina dilista batuko du, Ermuak arroz biribila eta Mallabiak hodi formako makarroiak. Arduradunek zehaztu dute oso garrantzitsua dela eskatzen den motako elikagaia ematea, gero dena batera sukaldatu ahal izateko.
Elikagaiak biltzeaz gain, tupper solidarioa ekimena egingo dute Ermuan. Dilistak bakailaoarekin eta arroza oilasko lumagorriarekin sartuko dituzte tupperrean eta fruta pieza bat ere salduko dituzte 5 euroan. Ermuko Orbe plazan izango da, hilaren 17an, 14:00etatik 15:00etara. Era berean, errifak ere jarriko dituzte salgai, eta batzen duten diru guztia Lesbosera bidaliko dute.