Etxerik gabekoentzako neguko ostatu zerbitzua jarriko dute martxan Debabarrenako Udalek

Barren.eus 2021ko urr. 28a, 14:41

Etxerik gabe eta gizarte bazterkeria larrian dauden pertsonek neguko gauak pasatzeko ostatua izan dezaten, akordio bat lortu dute eskualde mailan, zerbitzu hori eman ahal izateko azpiegitura egoki bat izateko eta kudeatzeko.

 

 • Karmeldarren eraikinean, Eibarren
Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku eta Soraluzeko udalek Debabarreneko Gizarte Zerbitzuen eremua osatzen dute, Gizarte Zerbitzuen mapan. Hainbat hilabetez eraikin egokia aurkitzeko gestioak egin eta gero, Eibarko Udalak Debabarrena Eskualdeko gizarte-zerbitzuen eskura jarri du Eibarko Karmengo elizaren eraikineko gune bat, bizitegi-egoera larrian (etxerik gabe) dauden pertsonak artatzeko neguko dispositiboa izan dadin. Eskualde osoari emango dio zerbitzua, muturreko eguraldia egiten duen neguko hilabeteetan etxerik gabeko pertsonei ohe bat eta bainugela eskainiz. Hortaz, ez da aterpe iraunkor bat izango, etxerik gabeko pertsonek aldi baterako erabili ahal izango duten zerbitzua baizik, egun jakin batzuetan alegia. Neguko dispositiboa erlijiosoen gelak izandakoen espazioan kokatuko litzateke, Karmen kalean dagoen eraikinaren hirugarren eta laugarren solairuen artean banatuta, eta 18 pertsona hartzeko ahalmena izango du. Espazio horren ezaugarriak eta banaketa aztertu zituen Eibarko Udalak, eta egokitzeko erreforma garrantzitsurik behar ez dela ikusita, erabaki zuten toki egokia zela neguko dispositiboa jartzeko. Eibarko Udalak Karmengo Elizaren eraikinaren jabe den ordena erlijiosorekin adostutako akordioaren arabera, Karmeldarrek doan lagako dute espazio hori. Neguko dispositiboa datorren udazkenean jarriko litzateke martxan, urria eta azaroa bitartean, eta eguraldi txarreko sasoian funtzionamenduan egongo litzateke.

 • Lankidetza-hitzarmena
Debabarreneko gizarte zerbitzuen eremuko udalerriek gaueko zerbitzu berriaren baliabideak elkarlanean kudeatu eta erabiltzeko akordioa izenpetu dute. Elgoibarko Udalak atzo, urriak 27, ospatutako Osoko Bilkuran onartu zuen lankidetza-hitzarmena. Herri bakoitzeko Gizarte Zerbitzuek bideratuko dituzte erabiltzaileak Eibarko gunera, beren egoera aztertu ostean.
Ane Beitia alkateak nabarmendu du aurrera pausu garrantzitsua dela gaueko arreta zerbitzu hau abian jartzea. "Elgoibarrek oso garatua du Gizarte Zerbitzuen Mapa, eta gutxi barru egoitza eta eguneko zentro berri batekin borobilduko da. Gure herrian artapen soziala goi mailakoa da eta zerbitzuen abaniko oso zabala jartzen dugu herritarren eskura. Inor atzean ez uztea da helburua, eta gure herriak zein eskualdeak, era solidarioan, elkarri laguntzen jarraitzeko tresna eraginkorrak sortzea. Gaurko zerbitzuak behar garrantzitsu bati erantzungo dio, herritarrak zaindu eta babestuz”.
 • Finantziazioa
Neguko dispositiboaren kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa Eibarko Udalaren eskumenekoa izango da; horrexegatik, Debabarreneko Gizarte Zerbitzuen Eremua osatzen duen Udal bakoitzak Eibarko Udalari ordaindu beharko dio kudeaketaren kostua.
Zerbitzu horren ondoriozko gastuak honakoak izatea aurreikusten da: egokitzapena, ekipamendua, dispositiboa mantentzeko, kudeatzeko eta martxan jartzeko gastuak, eta, horietan sartzen dira garbiketari, mantenuari eta zaintzari dagozkion gastuak eta gizarte-hezkuntzazkoak.
Urteko gainerako denbora mantentze-lanak ordainduko dituzte eskualdeko Udalek ere. Biztanleriaren arabera banatuko da banaketa hori; Elgoibarrek 11.468 biztanlerekin, zerbitzuaren %20,60 finantzatuko du. Eibarrek 49,54%, Soraluzek 7,01%, Mutrikuk 9,49%, Mendarok 3,56% eta Debak 9,805%.