Jokin Muñozek hirugarren egin du Manuel Mateosen oroimenezko lasterketan

Barren.eus 2021ko aza. 9a, 19:22

Deba Extreme Taldeak antolatuta, 8. Manuel Mateos Memoriala lasterketa jokatu zuten zapatuan, Deban.

Ehun lagun pasa lehiatu ziren eta David Garcia durangarra izan zen 8,4 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena, 26 minutu eta 58 segundoko denbora eginda. Unai Ibarra sailkatu zen bigarren postuan (27:09) eta Jokin Muñoz mendaroarra sailkatu zen hirugarren postuan, 27 minutu eta 17 segundoko denborarekin. Julen Salaberria elgoibartarra ere lehen hamarren artean sailkatu zen, zorztzigarren postuan, hain justu ere, 28:26ko denborarekin.

Muñoz pozik da Deban lorturiko emaitzarekin, baina bere denboraldiko helburu nagusia den Valentziako maratoirako prestaketaren parte izan da, Soraluzen bizi den mendaroarrak Valentziako maratoiko bere marka ontzea baitu helburutzat. Izan ere, abuztutik buru-belarri dabil Valentziako maratoia prestatzen eta hura buruan lehiatzen da gainerako lasterketetan zein egiten dituen asteko entrenamenduetan. Astean 120 kilometro egiten ditu maratoia prestatzeko entrenamenduetan, eta abuztu hasieratik dihardu hala.

Valentziako maratoirako hilabete falta denean, entrenamenduen asterik gogorrenaren bukaeran, Debako lasterketa erritmo bizian egitea zen bere asmoa, "hurrengo eguneko bi orduko errodajerako nekea sortzeko, eta, beraz, banekien hankak ez nituela fresko edukiko baina ahal zen azkarren korrika egitea tokatzen zitzaidan; gainera lasterketa mota horietarako ez dut entrenatzen, eta lasterketa motzetako korrikalarien abiadurarik ere ez daukat", azaldu du Muñozek plaentxia.eus atariak jasotako adierazpenetan.
Orain, baina, domekara begira dihardu Muñozek, Behobia-Donostia lasterketara begira, horixe izango baita aurtengo bere erronka nagusiaren aurreko azken lasterketa.

*Argazkiak: Irati Iñurrieta.

2021 11 06 deba lasterketa david munoz podiuma

2021 11 06 deba lasterketa david munoz aa