Sinadura bilketa egingo dute anbulategiko larrialdi zerbitzua berreskuratzeko

Barren.eus 2021ko aza. 10a, 18:22

Gaurgeroa Duintasuna pentsiodunen elkarteak batzarra egin zuen astelehenean, eta gai askoren artean, anbulategiko larrialdi zerbitzuaren gaia izan zuten hizpide. Anbulategiaren dinamika eta ordutegiarekin oso “kezkatuta” agertu ziren.

Esan zutenez, Osakidetzak agindu zuen pandemiaren bilakaera hobetzen zenean 20:00ak arteko ordutegia eta aurrez aurreko arreta berreskuratuko zituela, baina egoera ez dela aldatu salatu du pentsiodunen mugimenduak. Hori dela-eta, sinadura bilketa egitea adostu zuten, astean zazpi eguneko eta egunean 24 orduko zerbitzua martxan jartzeko eskatzeko.

Mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi zuten, baina ordutegia 19:00etan beharrean, 18:00etan izango da.

 • Manifestazioa Eibarren
Era berean, zapatuan (azaroak 13) Eibarren pentsio duinen alde egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei. Debabarreneko pentsionisten taldeak antolatu du eskualde mailako manifestazioa. Intzagatik abiatuko dita, 12:00etan. Amaitzear dagoen pentsioen lege-proiektuaren lehen fasearen kontra protesta egingo dute. Deitzaileek azpimarratu dutenez, kalera irtengo dira euren eskubideak defendatzera, "baina bakarrik ez egotea espero dugu". Manifestaziorako deia Debabarreneko biztanle guztientzat da, gaur egun lanean ari diren beharginak ere kalera irten behar dira, etorkizunean gutxieneko bizitza-kalitatea izateko pentsioa bermatzeko. Eta gazteei eragingo dieten beste proposamen batzuk ere badaude, tartean jubilatzeko adina atzeratzea".

Salatzen dutenez, Gobernuak Europako Erkidegoan aurkeztutako lege-proiektuak helburu bakarra dauka: 2011. eta 2013. urteetako pentsio-erreformen, murrizketei eustea. "Pentsioen sistema publikoa bizirauteko laguntza-sistema bihurtu nahi da, pentsio-plan pribatuak sustatzeko", azaldu dute.

2021 11 08 batzarra pentsiodunak elgoibar kulturetxean