Urtarrilaren 28tik aurrera baimenduta egongo dira eskola kiroleko lehiaketak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Dagoeneko eman diete erabakiaren berri foru-aldundiei ere, diputazioena baita eskola-kirolaren inguruko eskumena. Lehiaketei berriro ekitea aztertzeko bilera egin zuten Jaurlaritzako Osasun, Kultura eta Hezkuntza sailek, eta hor hartu zuten lehiaketetak berriro baimentzeko erabakia.
Jaurlaritzak ikastetxeetako protokoloa eguneratu zuen urtarrilaren 4an, eta entrenamenduak mantentzea erabaki arren, eskola kiroleko lehiaketak bertan behera lagatzea erabaki zuen. Kirol federazioen artean haserrea eragin zuen erabakiak, eta Gipuzkoako hamazazpi kirol federaziok Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten lehiaketak berehala martxan hastea.
Gipuzkoako Kultura eta Kirol diputatu Harkaitz Millan pozik agertu da Jaurlaritzak eskola-kirolari berriro ekiteko hartutako erabakiarekin, eta adierazi du jarrera hori defendatu duela beti bere sailak. "Pozik gaude LABIk eskola kirolaren itzulerari buruz hartutako erabakiarekin. Kultura eta Kirol Departamentuan defendatu dugun jarrera da", adierazi du (ikus foru agindua -PDF-). Urte hasieran, eskola-kiroleko lehiaketak bertan behera lagatzea erabaki zuten hiru aldundiek, urtarrilaren 10etik 28ra bitartean. Tarte horretan, entrenamenduak bakarrik baimendu dituzte, pandemiaren bilakaera tarteko.
∞Lotura duten albisteak: