Plazan dauden hormigoizko bankuak kenduko dituzte, apurtuta dauden baldosak konpondu, eta garajeetako sarrerako espaloia berrituko dute. Lanak amaitutakoan plazako zorua makina hidro-garbigailu batekin garbituko dute. Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, 11.365,00 euroko (BEZ gabe) aurrekontua izango dute lanok, eta martxoan zehar amaitzea aurreikusten dute.
• Espaloi zati bat berritzeko lanak
Era berean, Santa Klaran, Jaisoro plazatik gertu dagoen espaloi bat konpontzeko lanak egingo dituztela ere jakinarazi du Udalak. "Zatiak asentamenduak ditu, eta, beraz, 57 metro koadroko zati bat eraitsiko da. Batetik 15 zentimetroko zoladura-oinarri bat botako da, hormigoizko zola bat egiteko, eta dagoenaren antzeko baldosa hidrauliko berri bat jarriko da", azaldu dute. Lanak 15.256,74 euroko aurrekontua izango du, BEZa barne, eta datozen asteetan gauzatuko dute.