Mari Jose Telleria da Mendaroko alkatetzarako PSE-EE alderdiaren hautagaia

Barren.eus 2023ko mar. 27a, 12:40

PSE-EEren Mendaroko alkatetzarako hautagaia izango da bigarrengoz Mari Jose Telleria (Eibar, 1971), maiatzaren 28ko hurrengo udal-hauteskundeetan.

Amaitzear den legegintzaldian egin duen lanaren balorazio "oso positiboa" egin ostean hartu dutela Telleriaren hautagaitzaren aldeko erabakia jakinarazi dute PSE-EE alderditik. Mari Jose Telleria Mendaroko talde munizipal sozialistaren bozeramailea izateaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatua ere bada. Ikasketei dagokionean, kazetaritzan lizentziatua eta Udal Erakundeen Kudeaketan (UPV-EHU) eta Tokiko Garapenean eta Enpleguan (Uned) graduondokoak ere ikasiak ditu PSE-EEren alkategaiak.

Alkategai izateko aukeratu dutela jakin ostean, bere iritzia zabaldu du Telleriak, ohar bidez. Bertan dioenez, azken lau urteetan "lan ona" egin dute Mendaroko Udalean. "Berdintasun plana, igogailua edo larrialdietarako dirulaguntzen partidak igotzea bezalako ekimenek udalerrian bizi-kalitatea hobetuko dute. Mendaron ez dago neurri horien onurez gozatuko ez duen herritarrik. Denak izango dira onuradun", esan du. Gainera, azaldu duenez, alderdi sozialistarentzat, berdintasuna eta gizarte-kohesioa "funtsezko balioak" dira eta "xede horiekin profesionaltasunez eta zentzuz" lan egin dutela nabarmendu du. "jendearekin egoteko prest egon gara beti, eskura eta gertu izan gaituzte, herritarren benetako arazoak haiei entzunez kudeatu behar baitira erakundeetan".
Halaber, legealdi honetan Mendaron sustatu dituzten proiektuak aipatu ditu, besteak beste, landa-auzoetan 450.000 euroko inbertsioak, hiri-ingurunea txukuntzeko lanak, udalerriaren sarreran Aitor Etxeberria mendaroarraren “Didaktika” eskultura jartzea, Garagartza eta Azpilgoeta auzoetako hilerrietako eraikuntza-lanak, baita "PSE-EEk eskatuta" datu objektiboen bidez tokiko gazteriaren egoera, ikuspuntua eta balorazioak ezagutzeko gazteria-plana idaztea ere. Bestalde, adierazi du PSE-EE udalbatzan sartu zenean Mendarorekin zuten interesa eta konpromisoa "zalantzan" jarri zen arren, legealdi honetan egindako lanaren ostean, "frogatu baino frogatuago" gelditu dela Mendarorekiko duten "konpromisoa, lanerako gaitasuna, eta baita udal-kudeaketan dugun esperientzia ere. Eta uste osoa dugu esperientzia horrek esperientziak eta proiektuak errazteko balio izan duela".
Azkenik, Telleriak azaldu du "ilusioz" aurkezten dela, "udalerriak ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egin dezan". Horretarako, Mendaroko "gehiengo" progresistaren konfiantza lortzeko asmoa duela baietsi du. Maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkeztuko da "era progresistan" "Mendaro eraldatzen jarraitzea" helburu nagusitzat duela.

2023 03 27 maria jose telleria pse ee alkategaia mendaro b1